Saltsetan sartzea aski ez denez, aurtengo bestetan ere «ikastolako liburuak danbor hotsekin eta erraldoiekin» ordezkatu beharko ditu: «hiru egunez erraldoiak karrikaz karrika ateratzen ditugu eta bertze batean danborrada egiten dugu». Bien bitartean, San Esteban Egunean «familiaz gozatzeko» tartea hartu ohi du. Agenda lepo izaten du bestetan.
Ohitura berreskuratuz, lehenaren eta oraina lotu
Berako Musika Bandak herritar aunitzen oroimenean gordeak ziren danbor hotsak berreskuratzeko helburuz, 2015ean eman zituen lehendabiziko urratsak: «duela 80 urte inguru Union Veratarra taldeak egiten zuen danborrada, 08:00etan, dianaren ondotik; 1968-1969 urteetan ere egin zuten, Altzatetik Berara».
2016ko «proba ongi atera zenez» egitasmoa Kultur Batzordera eraman zuten: «Herriko Etxeak urtero bestetako egitaraua zehazteko egindako deialdian, proposamena egin zen. Bertan, «danborrada berreskuratzeko ahalegina» eginen zela adostu zen. Saiatu eta lortu: «jendeak izena eman zuen, danborrada aitzinera atera zen».
Igor Telletxeak, Musika Bandako zuzendariak, eskatuta hasi zen Joseba Lasarte zuzendari lanetan eta «ardura handia izanagatik, ilusioz eta gustura bete dut lana» aitortu digu. Lanak «ahalik eta txukunen» egiteko bidean Musika Bandako zuzendaria izan zuen irakasle: «berak erakutsi zizkidan zuzendariaren egitekoak». Bai Igor Telletxearen laguntza, baita Dorleta Peñak «musutruk, interesik gabe» eskaintzen duen konpromisoa ere «goraipatzekoak» izan dira Lasarteren ustez.
2016an Totono Errandoneak eman zion zuzendari makila «herriko etxeko plazan». Makila horrek lehenaren eta orainaren arteko zubia islatu zuen, «belaunaldi aldaketaren adierazgarri zen». Ordutik, Joseba Lasarteri dagokio «musikaren arabera danbor-jole eta musikarien arteko elkarlana koordinatzea: noiz hasi, danborra noiz jo, noiz isildu, noiz bukatu…» adieraztea eta «lerroak zuzen mantentzen ere saiatzen naiz».
Datozen egunetan izanen dituzte entseguak, «uztailaren 26an eta 30ean, zehazki». Herriko etxeko plazan bilduko dira, eta 20:00etatik aitzinera danborrek girotuko dute herria. Bi kanta izanen dira entzungai, «Berako danborrada eta Juan Colmenerok espreski herrirako konposaturiko Aupa Bera deritzona. Horiek dira bidean jotzen ditugunak».
Gauetik egunera
Danborrada ez da Lasartek barrutik bizi duen bestetako ekitaldi bakarra. Bertzeak bertze, txupinazoa eta txupinazoaren bueltan sortzen den giroa ere aunitz gustatzen zaizkio: «aitzineko prestaketak, urduritasunak, txupinazoa bera, ondotik egiten den kalejira, kuadrillarekin egiten dugun bazkaria…». Oro har, beratarrek abuztuaren 2ko 12:00etan «hitzordu berezia» izaten dutela erranen luke. Areago, momentu horretan lehertzen da ondoko egunetako «egitarau zabala, Besta Batzordeko kideen eginahal eta interesik gabeko esfortzuz osatutako lan goraipagarriaren emaitza».
Gisa bertsuan, erraldoien konpartsako kide den aldetik, danborrada eta txupinazoarekin batera, badu hutsik egin gabe bizi beharreko bertze hitzordu bat: «erraldoien eta buruhandien karrikaz karrikako ibilbideak ere egin behar izaten ditut».
Gaztetako oroitzapen «hagitz onak» ditu beratarrak: «peñen arteko asto lasterketa gogoratzen dut bereziki, baina ez dakit zergatik» dio. Orduan «gaua» nahiago bazuen ere, gaur egun, «bi seme-alaben aita denez gero egunekoak aukeratu» eta horiei probetxu ateratzen saiatzen da: «orain erritmoa beraiek markatzen dute». Beraz, azken urteetan bezala, aurten ere bai haurren bai eta danborren erritmora ere egokitu beharko ditu «kanta eta kanta arteko geldialdietan egiten dituzten tragoxkak» Lasartek.
Bi urteotan jendeak danborradarekiko izan duen jarrera «hagitz ona» izan dela erran digu: «gero eta jende gehiago hurbiltzen da bai danborradan parte hartzera, baita ikustera ere». Horren lekuko dira «gezurrik erraten ez duten zenbakiak: 2016an peñetako 48 lagun ginen, 2017an, berriz, 61, baietz ehun aurten?» dio irriz. Horretarako ekitaldi «irekian eta herrikoian» parte hartzeko deia egin du: «herriko bestetan parte hartzeko modu ederra da, ongi pasatzeko aukera paregabea eskaintzen duena» adierazi du.