«Gaur egun oraindik amiantoa badago eta hori arnasten ari gara»

Ttipi-Ttapa 2018ko uzt. 28a, 09:58

Antonio Perez narbartearra, ADAVAN elkarteko sortzaileetako bat

Antonio Perez Arregi ADAVAN ELKARTEKO KIDEA

Lesakako fabrikan aritu zenean, amiantoarekin lanean ibili zen. Orain, amiantoaren ondorioez kezkatuta, berak eta Nafarroako bertze hainbat lagunek ADAVAN elkartea sortu dute.

«Amiantoa hiltzaile isila da». Halaxe dio Antonio Perez Arregi 67 urteko narbartearrak eta ez da hori dioen bakarra. Datuek ere hala erakusten dute. OME Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, urtean ehun mila lagunetik goiti hiltzen dira amiantoa arnasteagatik. Sakanan berean, 2012az geroztik bortz lagun hil dira amiantoaren eraginez. Ondoko urteetan, zerrenda hori hazten joanen dela ohartarazia du OMEk. Izan ere, amiantoaren ondorioak epe luzera sumatzen dira: amiantoaren arrastoak gorputzean sartu eta handik 30 edo 40 bat urtera agertu ohi da gaixotasuna.

 

Duela mende bat baino gehiago frogatu zuten amiantoarekin lotutako produktuek minbizia eta hiltzeko arrisku haundia sor  zezaketela. Baina gerora debekatu zuten: Suedian 1982an debekatu zuten, estatu frantziarrean 1997an eta estatu espainiarrean 2001eko abenduan. Bere ezaugarriak tarteko, batez ere, 60ko eta 80ko hamarkadetan aunitz erabili zuten industrian.

Narbartearra ere amiantoarekin lan egindakoa da. Lesakako fabrikan aritu zen 35 urtez, galbanitzatze lerroan, «txapari zink estaldura ematen dion makinan». Urte batzuetan amiantoa erabili zuela kontatu digu.

 

Amiantoarekin lan egindakoa zara. Azalduko zeniguke?

Amiantoa juntura bezala erabiltzen zen, makinaren labeko ateari paratzeko. Junturari 40 zulo egiten genizkion atearen zuloekin bat egiteko. Amiantoa inongo babes-neurririk gabe erabiltzen genuen; guk ez genuen bere arriskuaren berririk eta fabrikan ere ez ziguten lan hori egiteko maskararik ez bertze neurririk hartzeko ere erraten.

Zenbat urtez aritu zinen amiantoarekin lanean?

Hamar bat urtez ariko nintzen. Lan hori egiteko ardura nire postukoari tokatzen zitzaion, baina ez zen egunero egiten genuen lan bat izaten, eta lau txandatan lan egiten genuenez, batzuetan niri eta bertzeetan bertzeei tokatzen zitzaien. Baina bai, aunitzetan manipulatu behar izandu nuen amiantoa. Gerora, postuz aldatu nintzenean, ez genuen hainbertze erabili, baina erabili genuen eta gaixotzeko guttirekin aski da...

Ondoriorik sumatzen duzu?

Ez, oraingoz ez. Orain dela urte bat eta erdi, plakak eta espirometria egin zizkidaten eta emaitzak negatiboak izandu ziren. Espero dut horrela segitzea, nahiz eta gezurretan ariko nintzatekeen ez nagoela kezkatua erranez gero. Ongi sentitzen naiz eta horregatik ez dut aunitzik pentsatzen. Etorri behar badu, ahalik eta beranduen etor dadila, eta bitartean, egunerokoan bizi naiz. Ezin dut gibelera egin.

Amiantoa erabili dutenen zerrendan sartua zaude...

Bai, hala da. Duela bi urte ASVIAMIE amiantoaren biktimen Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako elkarteko kide egin nintzen, eta euren bidez, zerrendan sartu nintzen. Nafarroan, 3.000 bat lagun kontrolatzen gaitu Osasunbideak. Aipatu dudan proba [plakak eta espirometria] zerrendan sartua naizelako egin zidaten.

Duela mende bat jakin zen amiantoa toxikoa zela. Nola da posible arriskuaz ez ohartzea?

Bai, hala da. Orain dela mendi eta erdi bazekiten amiantoa toxikoa zela eta zein ziren bere ondorioak. Ni 1975ean hasi nintzen Lesakako fabrikan eta ez ziguten arazo honen inguruan deus ere erran. Are gehiago, amiantoa mende honetan debekatu dute. Zergatik ez zuten lehenagotik egin? Hortxe dago gakoa. Amiantoa siderurgian, trenbideetan eta eraikuntzan aunitz erabili izandu da. Gaur egun, etxebizitzen eraikinetan, ixtegietan eta estalpeetan ere ikusten da. Estalkiek uralita dute eta hori ere amiantoa da. Gauza jakina da denborarekin hondatu egiten dela, eta ingurugiroan gelditzen dela. Gu, berriz, hori arnasten ari gara. Gehiago ere bai, duela gutti haurrendako makillaje-kit bat ere kendu dute merkatutik, amiantoa zuelako. Badirudi ez garela ohartzen zer dugun inguruan.

Administrazioak gehiago egin beharko lukeela uste duzu?

Bai, dudarik gabe. Nafarroako Gobernuak aurten 100.000 euroko partida onartu du amiantoa kentzeko. Ez dakit nahikoa den ala ez, baina hortik aparte, kaltetuen zerrendan gaudenoi mediku-azterketak egiten dizkigute. Zoritxarrez, zerrenda hori gero eta gehiago haziko da eta osasungintzan itxarote-zerrendekin gertatzen dena ikusita, espero dugu azterketak urtero edo bi urtetik behin egitea eta ez bortz urtean behin egiten hastea. Horrez gain, ASVIAMIE eta ADAVANek eskatzen duten kalte-ordainen funtsaren gaian ere gehiago inplikatu beharko lukete.

Azken aldian kaltetuen aldeko sententziak izandu dira. Holako gehiago espero dituzue?

Kaltetuen aldeko sententzien artean, azkena ekainean atera zuten. Horren arabera, amiantoaren ondorioz hil zen altsasuar baten familiari 121.900 euro ordaindu beharko dizkio  enpresak. Hala ere, bada bertze kasu berezi bat, emakumezko batena. Amiantoarekin lan egiten zuen senarraren arropak garbitzeagatik gaixotu eta hil egin zen. Familiak kasua epaitegietara eraman eta sententzia euren aldekoa izandu zen. Hortaz,  auzi gehiago izanen direla uste dut.

Aurten ADAVAN elkartea sortu duzue. Zergatik?

Amiantoaren eraginez sortutako gaixotasunak handitu egin dira eta arduratuta gaudelako. Biktimei eta haien familiei informazioa eman eta aholkuak emateko elkarte bat osatzea beharrezkoa ikusi dugu, jakin dezaten zer egin behar duten lan-gaixotasun gisa aitortzeko, eta hala tokatuz gero, diru-laguntzak jasotzeko. Hasiera batean,  ADAVAN sortu dugun guztion asmoa ASVIAMIEren barne egotea zen, baina arazo burokratikoak tarteko ezinezkoa izandu da.

ADAVANek, bertzeak bertze, gaixoak aitortuak izatea eta berehala kalte-ordainak jasoatzea eskatzen du. Zehaztuko zenuke?

Amiantoarekin lanean aritu garenoi mediku-azterketa berezitu gehiago egitea eskatzen dugu, baita osasuna babesteko neurri gehiago hartzea ere. Horrekin batera, amiantoarekin aritu dena laneko gaixotasun gisa hartua izatea nahi dugu eta amiantoarekin zerikusia duten gaixotasunekin erregistro bat sortzea. Gisa berean, amiantoarekin aritu diren eta oraindik lanean ari direnak aurretiko erretiroa hartu ahal izateko beharrezkoa den legedia onartzea garrantzitsua iruditzen dugu. Bertzalde, amiantoa duten tokiak identifikatu eta inbentarioa egin beharko litzatekeela uste dugu eta behin hori egindakoan, toki horietatik amiantoa kendu beharko litzatekeela. Espainiako Gobernuari, berriz, biktimentzat kalte-ordainen funtsa sortzea eskatzen diogu. Gai horiek guztiak elkarrekin lantzeko garrantzitsua da elkartean egotea.

Kaltetuentzako konpentsazio-funtsa aipatu duzu. Hori da soluzioa?

Kaltea egina dago, baina badira amiantoa erabili duten eta orain existitzen ez diren enpresak. Enpresa horietan lanean aritu zirenek eta kaltetuak direnek kalte-ordainak jasotzea garrantzitsua dela iruditzen zaigu.

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun