Ulertzea zaila bada ere, 1936ko gerraz aritzean, guttitan aipatu izan dira emakumezkoak. Ez ziren aunitz izan gerra frontearen lehenbiziko lerroan ibili zirenak, baina emakumeak ere protagonista izan ziren eta gerraren ondorioak jasan zituzten. Gehiago ere bai, gizartearen zutabe garrantzitsuak izan ziren.
Pilar Irazoki Elgorriagak Gerra Zibila «bete-betean» ezagutu zuen, eta gerra hasi zenean hamar urte bazituen ere, badu zer kontatua, eta merezi du aditzea. 93 urte beteko ditu urrian, baina ongi dago, ongi eta argi. Ez ditu ahantziak gerrako kontuak. Haietaz solastatzeko ireki dizkigu Alkaiagako bere etxeko ateak. Gorrintxean, auzoko azken denda eta ostatu izan zen tokian, bildu gara mahaiaren bueltan.
«Petrila erreketez betea»
11 urte bete gabeak zituen gerra hasi zenean: «goizeko zortziak aldera marmitak hartu» eta baserritik, Martintxeberritik, Berako bizpahiru etxetara esnea eramatera abiatu zen. «Bidean, bi emakumek nora nindoan galdetu zidaten eta nik halako etxera nindoala erran nien. 'Mugitu agudo, Pilartxo', erran zidaten. Batek bertzeari 'laster ailegatuko dira, bidean izanen dira' erraten sumatu nituen». Ez zekien zertaz ari ziren, baserrian ez baitzuten deus ere aditua. Gerora jakin zuen errepublikarrez ari zirela. Aitzinera segitu eta herrira ailegatutakoan ikusi zuen irudia oroimenean ongi iltzatua gelditu zaio: «Dorre ondoko petril luzea erreketez betea ikusi nuen». 1936ko uztailaren 21a zen, matxinoak Berara ailegatu ziren eguna.
Agudo jakin zuten gertatuaren berri: «hamarrak aldera, segituan ikasi genuen Endarlatsako zubia bota zutela». Zubirik gabe, matxinoek Gipuzkoara joateko bertze bideak bilatu zituzten: «mendiz hasi ziren. Batzuk Lesakatik, bertzeak Alkaiagatik». Fundiciones fabrika eta Bidasoko trena ere geldiarazi zituzten: «Endarlatsako zubia bota zutenean, frankistek trenaren burdinbideak altxatu zituzten kamioiak Gipuzkoara pasatzeko». Mojen eskola, berriz, ospitale bezala egokitu zuten. Matxinoen etorrerarekin «izugarrizko mugimendua» sortu omen zen Beran: «Irun hartu arte, frontea Beran egondu zen eta tiroak aditzen genituen. Batzuk joan, bertzeak etorri, erituak, atxilotuak, fusilatuak, hildakoak... izandu ziren».
Harrobia hiltegi
Berako harrobia hiltegi bat izan zen Gerra Zibilean, diotenez, Nafarroako haundiena. Jendea fusilatzen zuten harrobian eta Irazokik, harrobia etxetik hurbil izaki, tiro hotsak aditzen zituen: «gauez, tiroak aditzen genituen. Hala jakiten genuen gau hartan fusilatuak izan zirela. Ez ziren egunero izaten, baina maiz». Halakoetan «beldurra» sentitzen zuela aitortu digu, baita aita kanpoan zuenean ere: «atta eta bertze gizonezko batzuk herritarren babesaz arduratzeko izendatu zituzten eta gauez herria zaindu behar izaten zuten. Atta kanpoan izaten zenean, beldurra pasatzen genuen. Jendea fusilatu zutela erranez etortzen zen etxera. Nahiz eta ni gaztea izan, konturatzen nintzen».
Sei beratar fusilatu zituzten gerran, eta tartean zen Irazokik esne marmitekin herrira zihoala ikusi zituen bi emakume haietako baten senarra. Ezagunak zituen: «gau hartan Beran mugimendu haundia izandu omen zen eta fusilatu zutena taxista zen, jendea Beratik Irunera eta Irundik Berara eramaten ibilia».
Sufritu eta isildu
Emakumeek gerra denboran izandako lekuaz ere aritu da Alkaiagakoa: «gerraz solastean, emakumeen konturik ez dago. Aditu eta isildu, dena gorde, guk hori ikasi dugu eta erran beharreko gauza aunitz ez ditugu erran». Halaxe onartu digu. Garai hartako «matxismoa» aipatu du: «emakumearen erranak ez zuen balio eta hori normala izandu da. Emakumea ez zen deusetan sartzen». Frankistek hiribururen bat hartzen zutenean, ospatzeko manifestazioak egiten omen zituzten Beran. Herritarrek ere parte hartzen zuten, «baina emakumezkoek ez». Halere, emakume bat ospakizun haietan ateratzen zela dio, «banderadun gisara».
Harremanetan ere «alderdi guztietan gizonezkoak libreago» ibiltzen zirela dio Irazokik, «ez ginen gauez ibiltzen eta gizonezkoek emakumezkoei etxera lagundu ondotik, gizonek kanpoan segitzen zuten».
Ikasketetan ere gizonezkoek baino aukera guttiago izan zituztela dio: «maistra izateko ikasketak banaka batzuk egin zituzten». Bera Batxilergoa ikasten hasi zen, baina «ezin izandu nuen segitu». Ikaskide izan zuen Pio Caro Baroja. Maistrak «ikasi behar nuela erraten zidan, erraztasuna banuela, baina etxean atautxi-amatxi, bertze lau senide eta ni, ahizpa zaharrena, izanda, ezinezkoa izandu zen. Baserrian lana bazen eta nik ikasi nahi banuen ere, tokatu zitzaidana egin nuen».
Biktimak
Emakumezko «aunitz» neskato joan ziren: «herriko aberatsen etxeetara eta Gipuzkoara edo Frantziara...», tartean inude ere bai: «Donostian oporretan zen Madrilgo familia bat inude bila etorri zen, eta Berako emakume bat haiekin joan zen haien haurrari bularra emateko, berea amatxirekin utzita. Gero, Madrilera eraman zuten, han zela gerra hasi, eta hiru urtez ez zuten bere berririk izandu».
Haurdun gelditu eta mutilak haurra berea onartzen ez zuten kasuak ere izan ziren eta inklusa edo haur abandonatuen etxeetara «aunitzek» jo omen zuten: «ezkondu gabe, gazterik haurdun gelditu eta Iruñera inklusara eramaten zituzten. Batzuk han gelditu ziren haurra hazteagatik eta bertzeak haurra utzita etorri ziren».
Emakumeak abusuen biktima ere izan ziren, nahiz eta oro har, emakumeen historiarekin gertatu bezala, isilean gorde. Abusuak «seguru izanen zirela», erran digu, «hainbertze soldadu eta militar ibili ondotik... Bakarren bat behintzat bai, baina holakoak ez ziren kontatzen. Pasatzen zena pasatuko zen, baina dena gordean. Abortuen berririk ere ez dugu izandu, baina izanen ziren».
Gorriak izateagatik baztertuak izan ziren emakumezkoak ere ezagutu zituen: «lehendik ezaguna nuen familia batek Iparraldera ihes egin zuen eta itzuli zirenean, alaba bat lagun egin nuen». Baten batek, ordea, Pilarren amari deitu zion «gorriak zirela eta ni haiekin ez uzteko erranez». Irazokik, hala ere, «berdin-berdin» segitu zuen.
Bere irudiko, «emakumeok gauzak etorri diren moduan hartu izandu ditugu. Errateko moduan, atzo arte, emakumea erabat menperatua egondu da. Ez genuen erraten ahal 'zergatik'. Ez zitzaidan burutik pasatzen». Emakumeen lanak «etxean» eta «gordean» egin direla dio, baina ez du zalantzarik: «emakumeok gizonek egiten ahal dutena egiten ahal dugu. Hori aspalditik badakit».