2017an, 78 izokineko kupoarekin, azken alea uztailaren 31n arrantzatu zen.
Araudiaren arabera, aurtengo denboraldia uztailaren 3an bukatu behar zen, aurretik zehaztutako izokin kopurua (66) harrapatzerik lortu ez balitz ere. Arrantzatzeko garaia behar baino lehenago ixtearen arrazoia, Ingurumeneko teknarien esanetan, estu-estu lotuta egon liteke aurten izan dugun ezohiko udaberri euritsuarekin eta honek eragindako uholdeekin, zeinek, ibai-bokaletarako sarbidea erraztu baitie izokinei, ibaietan goiti erruteko leku egokien bila egin ohi duten zeharkaldian.
Aurten, izokina arrantzatzeko garaia normalean baino lehenago hasi da, apirilaren 15ean alegia, eta lehendabiziko aldiz, amuarraina harrapatzeko erabiltzen den baimen-sistemaren antzekoa ezarri da berritasun gisa.
Berako Xabier Lanz arrantzaleak harrapatu zuen apirilaren 18an denboraldi honetako lehenbiziko izokina, Endarlatsa aldeko Las Nazas putzuan. Aleak mikromarka zeraman eta 4,750 kiloko pisua, 775 milimetroko luzera eta 150 milimetroko altuera zituen. Harrapatu zuten unean, 3 urte zituen (urte bat ibaian eta bi urte itsasoak). Sexua hartutako ehun-laginaren analisiak zehaztuko du, baina emea zela irudi du.
Aurtengo denboraldiaren balantzea
Arrantzaturiko 66 izokinen artean, 55 negu anitzeko aleak dira eta 15 negu bakarrekoak, 4,18 kiloko banaz bertzemo pisuarekin eta 733 milimetroko batez besteko luzerarekin. Alerik handienak 7,63 kiloko pisua eta 930 milimetroko luzera izan ditu, eta txikienak 1,60 kilo eta 540 milimetro. Harrapatutako ale guztien artean, 30 Mugairiko arrain-haztegiko izokinak ziren, hots, arrain guztien % 45 (horietatik 19k hegal adiposoaren ablazioa zuten eta beste 11k mikromarka zuten).
Gehienak izkiraz arrantzatu ziren (26) edo izkira eta zizareaz (6), eta gainerakoak, garrantzi-hurrenkeraren arabera, euliaz (19), zizareaz (7), koilaratxoaz (5) eta ninfaz (3). Apirilean 3 ale harrapatu zituzten, 12 maiatzean, 39 ekainean eta gainerako 12ak uztailaren 1etik 12ra bitartean.
Guztira, 34 arrantzalek lortu dute izokinen bat harrapatzea. Ale kopururik handiena arrantzatu duena David Miranda izan da: 6 izokin, guztira. Arrantzale gehienak nafarrak ziren, eta ondotik gipuzkoarrak.
2018ko denboraldian, iaz aplikaturiko arrantza iraunkorreko sistema bera mantendu da. Honen bitartez, Nafarroako Gobernuak arrantzan harrapa daitezkeen espezieen bideragarritasuna segurtatu eta jarduera honetaz gozatzeko aukera bermatu nahi die baimena duten arrantzaleei.