Bestabusa martxan izanen da aurten ere Lesakako Sanferminetan

Ttipi-Ttapa 2018ko uzt. 5a, 08:46

Asteburuan eskainiko du zerbitzua eta 5 euro gostako da joan etorria 

Bortzirietako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen ekimenez, Nafarroako Gobernuaren laguntzaz, Bestabusa zerbitzua izanen da bortz herrietako bestetan. Lehen zerbitzuak Lesakako Sanferminetan eskainiko ditu uztailaren 6an eta 7an ortziral eta larunbatean. Iaz bezala, itzulerako autobusa herri-sarrerako errotondan (Tomasenekobordan) hartu beharko da, eta ez su-hiltzaileen parkean.

Lesakara joateko, Arantzako aparkalekutik 21:45ean abiatuko da lehen autobusa eta 23:30ean bigarrena; Igantziko Bi-bidetik 22:00etan eta 23:45ean pasako da; Etxalarko Landaburuatik 22:15ean eta 00:00etan. Beratik (Toki-Ona eta Agerratik) 22:00etan, 23:00etan eta 00:00etan aterako dira autobusak.

 

Itzulerakoak herri-sarrerako errotondan hartu beharko da

Itzulerakoak Lesakako sarrerako errotondatik aterako dira (eta ez su-hiltzaileen parke ondotik), 03:30ean eta 06:30ean Etxalar, Igantzi eta Arantzara joateko eta 03:30ean, 04:30ean, 06:00etan eta 07:00etan Berara. Joan-etorria 5 euro kostako da. Bortzirietako gainontzeko herrietako bestetan ere izanen da Bestabusa. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun