Lesakan ´betidanik izan da musikarekiko afizioaª eta aitzineko belaunaldietan txaranga lesakarrak izan ziren bezala, oraingo belaunaldikoek Elutxa sortu zuten. Hasiera hartan ´Lesakako Musika Bandan ikasitako piezakª izan zituzten oinarri.
Bortz urte kaleak alaitzen
Bortzirietan, Donezteben, Altsasun, Iruñean, Donostian, Donibane Garazin, Donibane Lohizunen, Barakaldon, Arrasaten, Elizondon, Gasteizen, Oiartzunen… barna ibiliak dira orduz geroztik. Toki bakoitzak bere xarma duela uste dute: «Altsasun erraterako, lau urte daramazkigu Kalez Kale peñakoekin eta lagun onak egin gara; Donezteben harrera hagitz ona izaten dugu urtero eta Musakolako bestetan egun ederra pasatzen dugu bertakoekin!»..
Halere, bereziena «dudarik gabe herrian jotzea da». Sanferminetan «nahiz eta ardura handia izan, lesakar bezala, herriko bestak barrenetik bizitzea zoragarria dela» aitortu digute. Herriko bestetan saltsa guztien erdian ibiltzen dira: «besta ez dugu galtzen, izatekotan irabazi!».
Aurten bortz urte bete ditu Elutxak eta aitzakia horrekin «urte guztian ospakizunetan» dabiltza: sanferminetako eskailerako afarietan parte hartu dute, Lesakako soinularien aurkako hil ala biziko futbol partida jokatu, Beti Gazteko Lerro Dantza Taldearekin musika eta dantza emanaldia egin… Eta buruan dituzte «diska baten grabaketa, erraldoien topaketa eta txaranga topaketa» antolatzeko ideiak ere. Nahiz eta oraindik dena egitea lortuko ote duten ez duten argi, «ekintza horiek aitzinera eramateko buru-belarri ari gara lanean».
Helburu nagusitzat «txarangatik pasatako guztiak berriz elkartu eta herritarrekin batera urtemuga ospatzea» dute, eta hori dagoeneko lortzen ari dira.
Elutxa «musikan gure kabuz trebatzeko eta ondokoei mundu honetan sartzeko aukera emateko helburu» sortu zuten. Norbait taldean sartzeko gogoz egonen balitz, ateak zabalik izanen dituela garbi dute. Txarangak «lana eta konpromisoa» badakar ere «lagunarteko giroan bizipen ederrez gozatzeko aukera eskaintzen» diela nabarmendu nahi izan dute: «bertze inola biziko ez genituen esperientziak bizi ditugu. Beraz, hartu zure instrumentua eta animatu!».
Bukatzeko, ez dute aipatu gabe utzi nahi bortz urte hauetan herriko jende nahiz enpresetatik jaso duten laguntza «ezinbertzekoa» izan dela: «diru-laguntza, arropa, emandako indarrak… Bultzada ederra eman digute! Eskerrik asko bihotz-bihotzez!».