Unai Gurrutxaga, ezpata-dantzarien aitzineskua: «Asteburuan gibela erre gabe, astez herri giroaz gozatu behar genuke»

Ttipi-Ttapa 2018ko uzt. 4a, 06:29

Unai Gurrutxaga, ezpata-dantzarien kapitaina izanen da aurten.

Joan den urtean lehen aldiz dantzatu zuen Zubigainekoa eta aurten kapitain izanen da, Martxel Rodriguezen lekukoa hartuz

Hari bat urratu orduko bertzea lotzen hasten den «hogeita sei urteko lesakar gaztea» da Unai Gurrutxaga. Gaur egun, Beti Gazte Elkarteko zuzendaritzan, «bereziki futboleko kontuetan», borondatezko suhiltzaileen taldean, sokatiran, Buruztanka gaztetxeko lanetan, ezpata-dantzari taldean… dabil. 

 

Lotura eten gabe

Batetik atera ez eta bertzean sartzen den horietakoa da Gurrutxaga. Haurra zelarik, «sei urte ingururekin» dantzetan hasi nintzen, baina futbolean murgildu ahala, horren aldeko apustua egin zuen: «zortzi urterekin hasi nintzen futbolean eta hogeita hirura bitarte ibili naiz, lesioek irabazi duten arte». Utzi aitzinetik«´lagun bat eta biok, guraso batekin batera» haurren entrenamenduetan laguntzen hasi zen eta «poliki-poliki» zuzendaritzan sartu da. Futbolarekiko lotura guztiz eten gabe, «duela bi urte dantzak berrartu eta sokatira taldean sartu nintzen».

Soka tiratzen bezain trebea da Gurrutxaga ezpatak astintzen. «San Fermin Eguneko ekitaldiak, betiko besta moduarekin hausten dutenak» izan ziren entseguetara bueltatzeko aitzakia, dantzekiko harreman zuzena berrartzeko bidea. Gurrutxagarentzat «herritarrak elkartzen dituen momentu berezia» da. Horregatik, Onin ibaiaren bi ertzetan dantzatzeko eskaria handia da.

Berari bi urtez entseguetan ibili ondotik, «joan den urtean» sortu zitzaion «lehendabizikoz» Zubigainekoa dantzatzeko aukera. Hasi aitzinetik «urduritasun keinu bat» sentitu bazuen ere, hasi orduko lasaitzea lortu zuen: «inguruko jendearen zurrumurrurik ez nuen entzuten; are gehiago, momentu horretan inguruan jendea bazela ere ez nintzen ohartu».

 

Harri batez bi kolpe

Harri batez bi kolpe eman zituen Gurrutxagak joan den urteko uztailaren 7an. Batetik, «haurtzaroko Dantzari Ttiki Egunaz geroztik», aspaldian ez bezala, jendaurrean dantzatzeko urratsa eman zuen; eta bertzetik, «Martxel Rodrigezen eskutik» aitzineskuaren lekukoa jaso zuen. Gogoan du berria jaso zuen eguna: «astebete lehenago izan zen. Ezustean harrapatu ninduen, eta ez nintzen momentuan erantzuteko gai izan, erantzukizunen zamak geldiarazi zidaten». Lanak lan eta ardurak ardura, «bizitzan behin egiten den galdera izaki» ezin izan zuen aukera pasatzen utzi: «aurten dena arrotza izanen zait, eta horrek urduritasuna sortzen dit, baina ilusio haundia egiten dit».

Egun handian dantzariek deskantsu ttikietan dituzten «beharrak asebetetzeko» ardura ez ezik, dantzarien gidari izanen da Gurrutxaga. Horrek, ordea, ez dio «kezka haundiegirik» eragiten: «inguruan dantzari finak ditut eta nik gaizki eginagatik horiek ez lukete hutsik eginen».

Neska-mutil talde ederra biltzen da egunaren atarian egiten ari diren entseguetan, eta gogotik ari dira lanean. Oraindik egunean aterako den hamabortz lagunak nor izanen diren zehazteke badute ere, Gurrutxagak badaki non duen bere tokia, argi ditu ardurak. Zubi gainean oreka mantentzeko eta burua fresko-fresko izateko «formalago ibili beharko naiz». Halere, bezperan galdutakoa errekuperatzen saiatuko dela aitortu du: «seguru lortuko dudala» dio irriz.

Lesakarrei eta lesakarrak ez direnei sanferminetako bortz egunak ongi pasatzeko deia ere egin nahi izan die. Egun guztiei etekina ateratzeko «asteburuan gibela erre beharrean gainerako egunetan herri giroaz gozatu ahal izateko indarrak gorde behar genituzke» nabarmendu du.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun