Bixente Igarzabal, Lesakako kirolaria: «Helburu edo marka bat lortzeko egin behar den bidearekin gozatzen dut»

Ttipi-Ttapa 2018ko uzt. 3a, 10:38

Bixente Igarzabal, Beti Gazteko kirolariak piztuko du Sanferminetako lehen suziria.

Lesakako kirolaria izanen da herriko Sanferminetako txupinazoa botatzeko arduraduna

Bixente Igarzabal Villanueva, 46 urteko kirolari lesakarra izanen da aurten Lesakako sanferminak hasteko lehen suziria botatzeko arduraduna. Azkeneko urteetan iraupeneko triatloietan, Ironman izenarekin ezagun diren probetan egin da ezagun. 3,8 kilometro igerian, 180 kilometro pasatxo bizikletan eta bukatzeko maratoia, 42,192 metro lasterka egin behar izaten dituzte. Horietatik 22 bukatu ditu dagoeneko. 

 

Baina hori baino lehen, saskibaloian aritua da Beti Gazterekin, sokatiran munduko txapeldun ere izan da herriko klubarekin, atletismoan aritu da iraupen karreretan… Lanbidez teknikari informatikoa da ANIMSAn, baina bere pasioa kirola dela ez dago dudarik, nahiz eta bizibidea hortatik ezin atera. Igarzabalek aipatu digunez, «futbola izan ezik, ia dena probatu dudala uste dut. Kiroletik batez ere gustatzen zaidana da erronka pertsonalerako daukan puntu hori. Markatutako helburu bat edo marka bat lortzeko egin behar den bide osoarekin gozatzen dut: eguneko entrenamenduak, konpetizioak, bidaiak...».

 

Talde kirolean eta bakarkakoan

Hainbertze kirolen artean bat aukeratzea zail egiten zaio, baina erran digunaren arabera, «gaur egun gehien gustatzen zaidana korrika egitea da, batez ere maratoi distantziako lasterketetan gozatzen dut, bai frogak daukan gogortasunagatik, baita kaleetan egoten den giroagatik ere. Duela urte gutti arte bizikletan aritzea nuen gustukoen, baina istripu pare bat izan ondotik kirol seguruagoei lehentasuna eman diet. Eta haien guztien artean dudarik gabe seguruena korrika egitea da».

Talde kirolak (saskibaloia, sokatira…) edo triatloian bezala, bakarka aritu beharrekoak, zein gustatzen ote zaizkion gehiago galdetutakoan, bakoitzak bere alde onak eta txarrak dituela adierazi digu Igarzabalek: «Kirol bakoitzak bere xarma dauka eta nik zortea izan dut bakarlanean aritzeko, baita talde baten kide izateko ere. Aunitz ikasten da bi moduetan. Banakako kirolek daukaten onena da nik markatzen ditudala helburuak eta hauek lortzeko egunero 'lan' egin behar dudala, inoren menpe egon behar gabe. Taldeko kirolek daukaten politena 'taldea' bera da, eta lagunekin gogor entrenatzea. Bi kasuetan sufritzen da, baina sufrimendu honek daukan politena da Beti Gazteko elastikoarekin izaten dela eta Lesakako herria ordezkatzen duzula etxetik kanpoko frogetan».

Betidanik gustatu izan zaio triatloia, batez ere distantzia luzekoa. 2008an egin zuen lehen Ironman proba, Nizan (Frantzia) eta egun hartatik 21 Ironman bukatu ditu, eta emaitza onak lortuz gainera. «Triatloia betidanik gustatu izan zait, batez ere distantzia luzekoa. Pixkanaka animatzen joan nintzen eta 2008an parte hartu nuen nire lehen Iroman distantziako frogan, Nizan, hain zuzen. Egun hartatik, 22 Ironman bukatu ditut».

Ironbask proba irabazi zuen 2012.urtean eta hirugarren izan zen 2013an. Altriman proban bigarren izan zen 2012an, bosgarren 2011n eta laugarren 2014an.

Ironmanetan, markarik hobena 9 ordu eta 32 minututa dauka (Ironcat 2016) eta 9 ordu eta erditik jaustea da bere buruari jarria dion erronketako bat. «Bertzea, maratoia 2 ordu eta 40 minutu baino guttiagotan egitea eta azkena, berriz ere munduko txapeldun izatea Beti Gazte sokatira taldearekin», dio.

Igerian ia 4 kilometro egin, bizikletan 180 kilometro egin eta oraindik lasterka maratoi bat egitea gelditzen zaiola ikusterakoan mentalki ere indartsua izan behar du kirolariak. Igarzabalek dioenez, «hobe da deus ere ez pentsatzea eta burua garbi edukitzea…Lasterketetan epe motzeko helburuak jartzen ditut eta pentsamendu negatiboak saihesten saiatzen naiz. Ironmanetan prestakuntza fisikoak garrantzi handia dauka, baina baita entrenamendu psikologikoak ere».

 

LABURREAN

Orain Sanferminetako txupinazoa botatzeko ardura… Espero zenuen?

Ez nuen inola ere espero, niretzat ustekabe atsegina izan da. Hasieran pixka bat izitu nintzen, errespetu handia ematen zidan. Baina aldi berean, ohore ikaragarri handia da txupinazoa botatzea. Ez dakit gauza handiagorik bizi izan ahal izanen dudan inoiz.

Horretarako ere entrenamendu berezirik egin behar duzu?

Seguru baietz, pentsatzen hasia naiz hau nola entrenatu…

Kirola eta besta uztartzeko modurik izaten duzu sanferminetan?

Nire juergak egiteko garaiak izan nituen, baina orain zentratuago nabil kirolean eta gehiago kostatzen zait gauez ateratzea.

Zer da Lesakako sanferminetan gehien gustatzen zaizuna? Eta guttien?

Gehien gustatzen zaidana Peñen egunean dagoen giroa da. Guttiena, asteburutan izaten den masifikazioa.

Zer da zailagoa, Bixente Igartzabal triatloia bukatzen ikustea edo gaupasa egiten ikustea?

Une honetan gaupasa egiten ikustea, baina hemendik urte batzuetara, nork daki…

Eta Ironman batetik edo bestondotik errekuperatzen zara erraxago?

Dudarik gabe, Ironman batetik aunitzez azkarrago errekuperatzen naiz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun