«Igantziko Biltoki Elkartearen eskua ikusten da herriko ekintza gehienetan»

Ttipi-Ttapa 2018ko eka. 30a, 10:45
Josetxo Arburua, elkarteko Lehen lehendakaria, Igantziko Biltokin. Argazkia: Oskar Txoperena

Josetxo Arburua, Biltokiko lehen presidentea

Igantziko Biltoki Elkartearen sortu zenetik 40 urte bete dira aurten. Joan den asteburuan ospakizun handia egin zuten. Urteurrena aitzakitzat hartuta, zenbait galdera egin dizkiogu Josetxo Arburua Martinikorenari, elkarteak izan zuen lehenbiziko lehendakariari. 

 

Hasteko, konta iezaiguzu nondik sortu zen elkartea sortzeko ideia?

1973rako gogoan genuen elkarte bat sortzeko asmoa, biltzeko eta herrian zenbait ekintza antolatzeko: pilotarekin lotutakoak, Olentzeroak… Beranduxeago, eskolako idorpean egindako bildots-jate batean jende bizkorki bildu zela aprobetxatuz, gaia gehiago lantzeko aukera izan genuen eta gutako batzuk herriko etxearekin harremanetan jartzeko erabakia hartu genuen.

Zer nolako harrera izan zuen asmoak?

Alkatearekin egon ginen lehenbiziko eta hagitz ongi iruditu zitzaion. 1975ean izan zen hori eta segidan idatzi bat bidali genuen herriko etxera, eskola azpian zeuden biltegien zati bat eskatuz. Hogeikoak edo “veintena”k baiezkoa eman zigun, Diputazioarekin tramiteak egin beharko zirela azpimarratuz. 

Horretara iritsi eta gero, zaila izan zen proiektua gauzatzea?

Egia erran, ez zen erraza izan. Lan aunitz egin behar izan genuen auzolanean, ez baikenuen sosik ere. Gure elkartera herriko jendea biltzea ere pixka bat gosta zitzaigun baina 1978ko martxoaren 4an, IruÒean tramite guziak egin ondotik, ez ohiko lehenbiziko batzarra egin genuen. Orduan aukeratu genituen, bertzeak bertze, elkartearen izena, Igantziko Biltoki, lehenbiziko junta eta hilabetero ordaindu beharreko kuota, 200 pezeta.

Gazteen atala ere orduan sortu zen?

Bai. 14tik 18 urtera bitarteko gaztetxoentzat ere irtenbide bat bilatu nahi izan genuen eta bertze atal bat egitea erabaki genuen, elkartearen gidaritzapean. Lau urteak atal horretan pasatzen dituzten gazteek ez dute deus ordaintzen helduen elkartera sartzeko. Gazteen prestakuntza eta elkartearekiko sensibilizazioa da helburu nagusia, baina ez dakit ongi betetzen ote den.   

Zein da, zure ustez, Biltokik herriari egiten dion ekarpena?

Urtean zehar berak zuzenean antolatzen dituen ekintzak hagitz aunitz dira eta bertze gaineko gehienetan ikusten da bere eskua: kirolean (mendi bizikleta, mendi irteerak, pilota…), kulturan (Olentzeroak, antzerkiak, bertso saioak, musika…), sukaldaritzarekin lotutakoetan, bestetan eta bertze hamaika kontutan. Ez dezagun atzendu eskolari egiten dion ekarpena ere, bere lokalak uzten baitizkio eskolako jangelarako.

Eta elkartearen etorkizuna, nola ikusten duzu?

Jendearen parte-hartzeak orain arte bezala segitzen badu ez dago kuidadorik, osasuntsu ikusten dut. Egoitzarekin gertatzen ari dena ere normala da, eskolak noizbait behar baldin bazuen bertatik ateratzeko baldintzarekin hartu genuen lekua. Herriko etxeak irtenbide bat eskaini dio elkarteari, baina, egoera lehen baino aunitzez hobea izanik eta 200 bazkide baino gehiagorekin, bertze aukera batzuk lantzearen alde nago, gure egoitzaren jabe izatea ez genuke baztertu beharko.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun