San Joan bezperako plazako sua piztu dute Solaslagunek Lesakan

Ttipi-Ttapa 2018ko eka. 25a, 08:25

Euskaraldia izan da aurtengo protagonista eta, ohi bezala, kantuak, dantzak, herri-afaria eta musika izan dituzte plaza inguruan

Azken urteotako ohiturari eutsiz, Lesakako Euskara Batzordearen eskutik hainbat ekitaldi izan dituzte San Joan bezperan Lesakako Plazan Guk ahoa bizi, zuek belarria prest? goiburupean. Izan ere, urtengoan Euskaraldia izan da protagonista eta Lesakako Euskaraldia taldearen laguntza ere izan dute antolaketan. Euskaraldiako ikurrekin plazaratu ziren, Joxe Emilio Txoltxan Txoperenak, Euskara Batzordearen izenean manifestua irakurtzen zuen bitartean.

 

Adierazpena

Euskara Batzordeko kidearen adierazpenak Euskaraldia izan zuen gaitzat, «denon borondatea, ilusio, gogoa eta lana behar baitugu ekimen hau martxan paratu eta azken helburua lortzeko, eta badakigu, ederki jakin ere, honelakoak gainezka ditugula gure artean».  Euskaraldia zer den ere garbi adierazi zuen: «Hona, euskaraz dakigunontzat mezu bat dakarrena: euskara gure bizian, egoera guztietan eta denekin erabil dezagun eta erabil dezakegulako, saio moduan, azaro bukaera eta abenduaren hasieraren artean honelako zerbait egiten ahal dela agerian utziko duen aldia, denbora. Eta euskaraz jakin ez edo kili-kolo zabiltzatenentzat ere badakar mandatua; euskara al día, alegia, sartu euskara zuen egunean, zuen egunekoan, zuen egunerokoan eta zabal-zabal eduki belarriak; izan ere, ikusiko duzue prest izanez gero Europako hizkuntza zaharrenak zuen belarriak bailakatuz muinetara ailegatu eta mingainean bukatuko duela ibilbidea, zuen ahoak ere biziaraziz».

Herri Koreografia ere dantzatu zuten ttikienek, Biziberrituz euskara kanta abestu zuten trikitilariekin eta Bortzirietako Bertso Eskolak ere kantatu zuen. Erran bezala, Solasalagunak izan dira aurten sua pizteko arduradunak, nolabait egitasmo honek laburbiltzen baitu Euskaraldia ekimena ere, «belarriak prestatuz lehen urratsa eman zuten eta gaur egun ahobizi izateko eta mingaina zorrozteko astero elkartzen dira». Solaslagunen izenean, Mertxe de Benitok eta Alvaro Lopezek piztu zuten sua, abesbatzako lau “sorginek” irrintziak botatzen zituzten bitartean.

Ondotik, ezpata-dantzari-taldeko neska-mutilek beraien saioa eskaini zuten eta herri afaria ere egin zuten. Plazan bertan bokatak eta edariak izan ziren aukeran eta batzuk etxetik ekarritakoa ere afaldu zuten, Euskara Batzordeak paratutako mahai  eta aulkiekin. Zozketak ere egin zituzten eta dantzaldia izan zen Jeiki Hadi taldearekin, urteko gaurik laburrenaz gozatzeko.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun