ArcelorMittaleko Lesakako lantegiak Ate Irekien Jardunaldia antolatu du ekainaren 26an

Ttipi-Ttapa 2018ko eka. 22a, 06:30
Lesakako ikuspegia 1975. urtean. Argi ikusten da zenbateko eremua hartzen zuen garai hartako Laminaciones de Lesaca lantegiak.

60 urte bete dira enpresa Lesakara ailegatu zela 

1958ko ekainean sortu zen Lesakako Laminaciones lantegia. 60 urte beranduago eta urteurren horren harira, gaur egun ArcelorMittal Lesaka den enpresak, ekainaren 26an Ate Irekien Jardunaldia antolatuko du. Bisitan parte hartu nahi duenak, gaur du abisua emateko azken eguna, Lesakako udalaren Kultura eta Turismo Bulegora deituz (948 638 007 telefonoa).

 

Ospakizunetarako egunak dituzte Lesakako ArcelorMittalen, gorabeherak gorabehera, hilabete honetan, 60 urte beteko baititu Baztan-Bidasoaldeko motore ekonomiko garrantzitsuetarikoa izan zen Lesakako fabrikak.

1958ko ekainaren 16an sortu zen Laminaciones de Lesaka. Egun horretan, Jose Luis Varez ingeniaria buru zuen industrialari taldea notarioaren aitzinean agertu omen zen, altzairuaren ijezketan ariko zen enpresa bat sortu nahi zutela erranez. Nafarroako Administrazioak industria sustatzeko emandako laguntzei esker eman zuen Varezek urratsa, baina, nonbait, ez zen hori aski izan; aitzinera egiteko herri oso bat konbentzitu behar izan baitzuen.

Batzuk alde eta bertzeak kontra, eztabaidak sortu zituen fabrika irekitzeko asmoak Lesakan. ArcelorMittaleko iturrien arabera, «hasiera batean, udalbatzak Varezi ekimena begi onez ikusten zutela eman zion aditzera, eta Udalaren Osoko Bilkurara joateko eskatu zioten». Hala, 1957ko abuztuan, Varez Osoko Bilkurara hurbildu omen zen: «eztabaida luzearen ondotik, industria-jardueraren ezarpena errazteko erabakia hartu zuten. Alabaina, 1958ko martxoaren 24ra arte Lesakako Udalak ez zuen ebatzi proiektua udal-interesekoa zela eta horrekin batera, bi milioi pezetako laguntza onartu zuen. Urte bereko apirilaren 2an, Udalbatzako kideak eta Udalaren zergadun nagusiak biltzen zituen Hogeiko Batzarrak erabaki hori berretsi zuen». Hola hasi zen guztia.

 

Goiti eta beheiti

200 langile eta urtean 70.000 tona ekoizteko hasierako aurreikuspenak erraz gainditu zituzten urteekin: 70eko hamarkadaren erdian, 2.000 langiletik goiti eta urtean 800.000 tona ekoiztera ailegatu zen Lesakako planta. Gainera, Lesakako Arratzubi eta Luberrondon ez ezik, Berako Zalain-Zokon eta Legasan ere fabrikak ireki zituzten.

 

ArcelorMittalen esku

1973an, sektorea egoera zailean zegoenean, Varezek AHV Bizkaiko Labe Garaiei saldu zien Laminaciones. Urte mugituak etorri ziren gero: 70eko hamarkadako eta 1980ko grebak, 1992an langileen protestarekin Lesaka eta Madril lotu zituen Burdinaren Martxa...

Jabez ere aldatu zuten behin baino gehiagotan: 1997an, Aceralia izena hartu zuen, 2002an Arcelor, eta handik guttira Zalaingo lantegia Condesa taldeari saldu zioten. 2007az geroztik, ArcelorMittal Lesaka du izena, izen bereko enpresa delako Lesakako eta Legasako planten burua, mundu mailako siderurgia-talde nagusietako bat; 19 herrialdetan industria-instalazioak dituen eta siderurgia- eta meatze-ekoizle nagusia dena.

Bertzalde, gaur egun, Lesakako lantegian urtean 240.000 tona ekoizten dituzte eta Asturiasko, Saguntoko eta Etxebarrikoekin batera, Asturiasko Klusterra osatzen du. Erakunde hori liderra omen da espainiar estatuko altzairuzko produktu lauen fabrikazioan. Enpresatik gaineratu dutenez, ´Nafarroako planta, Legasako Pintura Lerroa eta Galbanizatze eta Pintatze Lerro Konbinatuari esker, altzairuzko lakatu aitzineko produktuen merkatuaren buruan dagoª.

 

Ekainaren 26an hitzordua

Ekainaren 26an Ate Irekien Jardunaldia eginen dute Lesakako lantegian, «Lesakak siderugian daramatzan 60 urteak ospatu» nahi dituztelako. Izan zenaren eta denaren arteko aldeak alde, Baztan-Bidasoaldeko ekonomiaren ardatza izan den fabrikaren historian, bertze hitzordu bat izanen da. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun