Herri lurrak modu ekologikoan kudeatzeko konpromisoa hartu du Berako Udalak

Ttipi-Ttapa 2018ko eka. 21a, 11:07
Hemendik aitzinera esleitzen diren herri lurrak produktion ekologikoak jarritako neurriak errespetatuz erabili beharko dira.

Gainera, Nafarroako Nekazal Produkzio Ekologikoaren Kontseiluan sartzeko eskaera eginen du

Berako herri lurretan produkzio ekologikoak baimendutako tratamentuak bertzerik ez direla eginen. Horixe izan da Berako Udalak ekainaren 13ko udal batzarrean adostutako erabakia. Honela, hemendik antzinera, esleitzen diren herri lurretan, lur hauen esleipena jasotzen duenak, hauek modu ekologikoan lantzeko baldintza bete beharko du eta konpromiso hori hartuko du. Gainera, Nafarroako Nekazal Produkzio Ekologikoaren Kontseiluan (NNPEK-CPAEN) ekoizle begetal gisa alta emateko eskaera eginen du Udalak eta kontseilu horretako ordezkariak ere izendatu ditu.

 

Honela, kontrol ordezkaria, Urtzi Garaita Arza, Udalmendizaina izanen da; Sustapen ordezkaria, Josu Iratzoki Agirre alkatea eta Kontabilitateko ordezkaria, Mª Dolores Oyarzabal Zubieta, Udal kontuhartzailea.

Berako Udalak 2016ko martxoko Osoko bilkuran transgenikorik gabeko zonaldea izendatu zuen Berako udalerria. Mozio horretan aipatzen ziren puntuen artean, Udalaren menpean dauden arlo eta guneetan (parkeak, lorategiak, herriko baratzeak, karretera eta bideak mantentzea…) glifosatoa erabiltzeari uztea aipatzen zen eta baita produkzio ekologikoa bultzatzea nahiz Udalaren eskuetan dauden establezimenduetan eta jardunetan (eskola, erresidentziak, administrazio publikoa, bestak eta ospakizunak, jantoki sozialak, etab.) produktu ekologikoak eta gehien bat bertakoak kontsumitzekoaren aldeko apustua egitea.

Bide horretan Udalak jadanik pausu batzuek eman ditu, lorezaintzako lanetan glifosatorik ez erabiltzea, adibidez, edo Udalak esku hartzea duen jantokietan produktu ekologikoak erabiltzen hastea, Zahar etxean adibidez.

Oraingoan bertze pausu bat emanen da, Berako herri lurrak modu ekologikoan kudeatzeko konpromisoa hartu baita. Berako Udaleko herri lurren artean daude oihanak eta mendiko larreak. Hauetan, normalean, ez da tratamendu kimiko berezirik egiten eta beraz ekologikoki erabiltzen direla erran daiteke. Hemendik antzinera, Nafarroako Nekazal Produkzio Ekologikoaren Kontseiluarekin elkarlanean herri lur hauek ekologikoki erabiltzen direla bermatuko da. Neurri honek ez die eraginen Berako abeltzainek, jadanik, erabiltzen dituzten luberri, irazelaiei edo bertze herri lurrei, baina, hemendik antzinera, esleitzen diren herri lurrak produkzio ekologikoak jarritako neurriak errespetatuz erabili beharko dira.

Berako Udalak onartutako mozioaren arabera, «ikusten ari gara, egunetik egunera, gure ingurua kutsatuagoa dagoela eta ingurunean aurkitzen den kutsadura hori azkenean guregana heldu dela elikagaien bidez. Behar beharrezkoa da gure ingurunea pozoitzen ez segitzea eta bere osasuna zaintzea, bidenabar, gurea zaintzen ari garelako eta horretarako produkzio ekologikoak jartzen dituen irizpideak errespetatzea garrantzitsua iruditzen zaigu bertzeren artean».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun