Sokatira ezagutzeko Ate irekien jardunaldia antolatu du Beti Gaztek ekainaren 23an

Ttipi-Ttapa 2018ko eka. 21a, 08:01
Sokatiran ari diren neska-mutilekin kirola ezagutzeko aukera izanen da larunbat goizean.

Egun berean, argazki rallyko sari banaketa eginen dute eta biharamunean, hildako mendizaleen oroimenez mendi ateraldia antolatu du Agiñara

Sokatiraren mundua lehen eskutik ezagutzeko Ate irekien jardunaldia antolatu du Lesakako Beti Gazte elkarteak ekainaren 23an. Larunbatean 11:00etan gelditu dira Irain eskolako pilotalekuan. 

 

Bertan, gaur egun taldea osatzen duten tiralariek hurbiltzen direnei zertan eta nola aritzen diren erakusteko egonen dira. Helburua, jendea sokatira mundura hurbiltzeaz gain, hau barrenetik ezagutzea da. Adin guztietako pertsonentzat irekia dago ate irekien ekitaldi hau. Gainera, ondotik gosari eder bat izanen dute indarrak berreskuratzeko.

 

Argazki Rallyko sari banaketa

Egun berean, arratsaldeko 7etan, III. Argazki Rally-ko sari banaketa eginen dute. Gogoratu behar da ekainaren 3an aritu zirela argazkilariak rallyan eta orain sariak banatzeko tenorea da. Lehiaketako oinarrietan azaltzen zen bezala, hainbat izanen dira banatuko dituzten sariak: sari berezi bat, 150 euro eta diploma, bilduma hoberenarentzat. Ondotik, gai bakoitzeko argazki onenari 75 euro eta diploma emanen zaio (guztira 4 sari). Azkenik, Bortzirietako onenak 100 euro eta diploma irabaziko du. Ondotik, Beti Gazte elkartearen webgunean izanen dira ikusgai argazki sarituak.

  

Hildako mendizaleen omenez

Biharamunean, ekainaren 24an, hildako mendizaleen oroimenez mendi irteera berezia antolatu dute. Igandean 08:00etan aterako dira Plaza Zaharretik. 10:30 aldera Aita Donostian gosalduko dute eta ondotik ekitaldia izanen dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun