38 urteko gizonezko bat preso sartu dute, Lesakan emakume bat jo duelako

Ttipi-Ttapa 2018ko eka. 15a, 11:25

Bertze lau gizonezko ere atxilotu dituzte aste honetan Nafarroan indarkeria matxista delituengatik 

Espetxeratu egin dute Lesakan bikotekide ohia jo zuen gizonezkoa. 300 metroko urruntze agindua zuen, baina hura hautsi eta emakumeari zauriak egin zizkion masailezurrean, sudurrean eta begian, eta erietxean artatu behar izan zuten. Hala ere, emakumeak ez zuen salaketarik paratu. Poliziak atxilotu egin zuen gizonezkoa, eta epaileak giltzaperatzeko agindu zuen.

Tuteran bi lagun atxilotu dituzte aste honetan emakumezkoei tratu txarrak emateagatik. 47 urtekoa da bat, eta erasoa egiteaz gain ebastea ere egotzi diote, labana bat erabiliaz. Bertze atxilotuak 49 urte ditu. Haren bikotekide ohiari tratu txarrak ematea eta mehatxu egitea egotzi diote, bertzeak bertze. Emakumezkoa taberna batean babestu zen gizonezkoaren jazarpenetik ihesi, eta handik deitu zioten poliziari. Babesa eskatu zuen emakumezkoak eta eman egin zion emakumeen kontrako indarkeriaz arduratzen den auzitegiak.

Castejonen, berriz, 22 urteko gizonezko bat atxilotu dute, bere bikotekidea jotzeagatik, etxean bertan.

Vianan 65 urteko gizonezkoa atxilotu dute, emakumezko batek bere kontrako salaketa jarri ondotik. Etxe batean jazarpen sexuala jasan zuela eta antsietate krisia izan zuela salatu du. 200 metroko urruntze agindua jarri diote gizonezkoari.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun