Adinekoak eta gazteak hartu-emanean Beran

Ttipi-Ttapa 2018ko eka. 16a, 10:45
Berako jubilotekako eta Toki Ona institutuko DBH4ko ikasleak elkarrengandik gauza aunitz ikasi dituzte.

Duela bi urte hasitako proiektuarekin segitu dute aurten ere Toki Ona institutuak eta Berako jubilotekak

Toki Ona institutuko zenbait ikasle, 4.DBHko “Balore” ikasgaiko 24 ikasle hain zuzen ere, eta jubilotekako 16 kide harremanetan jarri dira. Hala, ikasleak lau goizez bisitan joan dira jubilotekara eta solasaldi luzeak eduki dituzte elkarrekin. Solasaldi horietan, bertako kideek  beraien bizipenak kontatu zizkieten ikasleei eta ikasleek ere beraien intereseko galderak egin zizkieten.

 

Hasieratik, jubilotekako kideek ilusio handiarekin eta beso zabalik hartu zituzten ikasleak. Ikasleen erranetan «hasieran eskolako lan bat bezala hartu genuen, baina beraiek ezagutu genituen egunean gogo handiak eduki genituen proiektuarekin hasteko, alaitasun eta umore handiko jendea zegoela ikusi genuen eta bagenekien hagitz ongi pasako genuela».  Eta hala izan da, bi taldeak gustura ibili dira. Adinekoen erranetan «hagitz gazte jatorrak etorri dira» eta nerabeen erranetan «hagitz solasaldi interesgarriak eduki ditugu. Maiz aditu ditugu kontrabandoko edo gerrako istorioak, baina zuri kontatzen dizutenean, lehen pertsonan bizitzen duzu». Beraz, anekdotak ere ez ziren falta izan, tartean 92 urteko Maritxu Martikorenak Irun eta Hendaia artean dagoen Faisaien irlan ikusitako Hitlerren eta Francoren arteko bilera.

Baina iraganaz gain, jubilotekako kideek beraien egungo bizitza ere kontatu zieten nerabeei. Azken hauek harrituta gelditu ziren jubilotekan egiten dituzten aktibitate guztiekin, bertako kideek hagitz bizitza aktiboa dutela ikusi zuten. Ondorioz, denek aipatzen zuten beraiek ere horrelako zerbaitetan parte hartu nahiko zutela adin horietara ailegatzen direnean.

Solasaldien baitan, ikasleek bizitzarako aholkuak eskatu zizkieten adinekoei eta aholku on aunitz jaso zituzten, hala nola: ikastea, besta egitea, hasten den hori bukatzea, pertsona onak izatea, oraina bizitzea, duguna baloratzea, txarrenari onena ateratzea… Ikasleek adierazten dutenez, «ez ditugu aise ahantziko aholku horiek».

 

Azken egunean besta

Bi belaunaldien artean sortutako harreman ona zela eta, azken egunean besta bat antolatu egin zen. Besta horretan, hamaiketakoa eta ikasleek gitarrarekin jotako kantak egon ziren, baina baita opariak ere. Ikasleek sorkuntza bat oparitu zuten jubilotekako kide bakoitzari eta arrunt momentu hunkigarriak bizi izan ziren opariak banatzerako orduan. Oparien artean hauexek egon ziren: argazki album-ak, erretratuak, kontatutako bizipenekin egindako ipuinak, bertsoak, olerkiak, gutunak, Aimar Olaizolaren argazkia sinatuta, lore sortak, eskuz egindako pilota dedikatoriarekin, txiste liburuxka bat, ... Eta nola ez, jubilotekako kideek ere beraiek eskuz egindako eskulan bat oparitu zuten taldeari.

Bi taldeek eskerrak eman nahi dituzte elkarri emandako tratu goxoarengatik. Antolatzaileen aldetik, belaunaldien artean horrelako lotura politak sortzeko ekimenak egiten jarraitzea beharrezkoa dela azpimarratzen dute, «guztientzako baita aberasgarri».

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun