Gaur egun ez da erraza bertara sartzea, inguruan daukan lar eta zikinarengatik, baina itxi ondotik haurrak maiz ibili izan dira barrenean. Zail samarra izan da afera, jabetzaren gaia ere konplexu samarra zelako. Asuntua da Udalbatzak epaitegietan aitzinera egitea erabaki zuela eta herriaren aldeko epaia lortu ere. Jabeek ez dute errekurritu eta Herriko Etxeak ahalik eta abudoen egin nahi ditu botatze lanak. Enpresa batekin hitzartuak ditu dagoeneko eta uda hasieran egitea espero dute. Hasiera batean gastuak bere gain hartuko ditu Herriko Etxeak, baina orubeari herriaren aldeko karga bat geldituko zaio.
Agustín Cabra donostiarra izan zen gerra zibila akautu bezain abudo fabrika eraiki zuena, zerri txarkuteri eta urdaitegitarako. Ondotik bertze erabilera aunitz eman izan zaio fabrikari, bakailu idortegiarena ezagunena, inguruan zabaltzen zuen kiratsarengatik.