Materia organikoa bereiz biltzeko zerbitzuak hobetuko dira Arantzan eta Igantzin

Ttipi-Ttapa 2018ko eka. 12a, 06:45
Arantzan eta Igantzin jarriko den konpostagailu berria.

Auzo-konposguneak eta lorategiko hondarrak botatzeko guneak egokituko dira 

Bortzirietako Hondakinen Mankomunitateak materia organikoaren bereizketa eta birziklapenaren inguruan pausu berri bat eman nahi du Arantzan eta Igantzin. Kanpaina 2017an hasi zen eta izanen diren aldaketa eta berrikuntzen berri emateko etxe guztietara bixitak egin ziren. Gainera, jendeari etxe edo auzoko konpostan izena emateko aukera eman zitzaion.

 

 

Zergatik egin behar den hau?

2017. urtean gure zonaldean sortutako materia organikoaren %25 inguru birziklatu zelako, eta Hondakinen Legearen arabera, 2020. urterako %50 birziklatu behar dugulako. Gainera, gaur egun sortzen ditugun hondakinen % 40-45 materia organikoa da, beraz hau bereiztea eta birziklatzea ezinbestekoa da helburuak lortu ahal izateko.

Horretarako, Arantzan 4 auzo-konposgune berri jarriko dira, eta Igantzin 3. Hemen emanen da berrikuntzarik handiena, gaur arte ez baitago auzo konposta egiteko aukerarik bi herri hauetan. Gainera konpostagailu berri batzuk eskuratu ditugu, argazkian ikusten den bezala, konposta agudoago eta hobekiago egiteko aukera emanen digutenak.

Bertzalde, belarra, hostoak eta adarrak uzteko eta konpostatzeko guneak egokituko dira. Konpost hau Arantza eta Igantziko biztanleen artean banatuko da gero.

Bertze hondakinak ere kontuan izanen ditugu eta paper-kartoi, ontzi edo beira edukiontzi gehiago behar badira jarriko dira. Era berean, Igantzin jada hondakin bereziak biltzeko etxola ("Garbigune ttikia") eta arropa-edukiontzia jarri dira. Arantzan ere arropa-edukiontzia hurrengo egunetan jarriko da eta etxola berriz aurrerago.

Birziklapenari bultzada bat emateko errefuxa edukiontziei tapa txikia ere jarriko zaie.

 

Bilerak

Auzoko konposta egiteko izena eman zuten familiei konpostagailu berrien funtzionamendua azaltzeko bilerak eginen dira. Horretaz gain  aldaketen inguruan sortutako zalantzak ere bertan argituko dira. Beraz, bilera hauetara  nahi duten guztiak hurbiltzen ahal  dira.

Bileren egun, ordu eta tokiak:

Igantzi: Ekainak 14, ortzeguna, arratsaldeko 18:30ean, Herriko Etxean.

Arantza: Ekainak 21, ortzeguna, arratsaldeko 18:30ean, Baskulan.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun