Ikasturte bukaerako kalejira egin du Berako Abesbatzak larunbatean

Ttipi-Ttapa 2018ko eka. 11a, 07:52

Ekainaren 9an, Berako Abesbatzak kalejira egin du herrian barna. Nolabait ikasturteari akabaila eman nahi izan diote larunbateko kalejira honekin, nahiz eta entsaiatzen segituko duten ekainean. Agerratik abiatuta, San Esteban, Herriko Etxea, Legia, Altzate, Illekueta, Xuga, Errekalde, Kanttonberri, Iturlandeta eta Euskaldunan bukatu dute ibilaldia eta bertan afaldu dute.

Berriki Sodupen (Bizkaia) kantari aritu da Berako Abesbatza, baita azken bi igandetan ere, lehen jaunartzetan eta Bestaberri eguneko mezan.

Hurrengo ikasturterai begira, San Esteban eguneko mezaz gain, Sodupeko abesbatzarekin trukea eginen dute urrian, abenduan Queimadaren Kofradiaren kapitulu berri batean parte hartuko dute abenduan eta urte bukaerarako utzi dute ekitaldi nagusia, Berako Musika Eskolako txistulariekin batera kontzertua eskainiko baitute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun