«Zinemagintzan jende hagitz gutti bizi daiteke euskaraz sortzetik»

Ttipi-Ttapa 2018ko eka. 9a, 10:44
Kreba film laburra grabatzen, eskuinean Oier Fuentes

OIER FUENTES BERAKO BIDEOGILEA

Duela hamarkada bat baino gehiago murgildu zen bideogintzan Oier Fuentes eta azken aldian, film laburren ekoizpenean ari da buru-belarri. Horiei esker hainbat sari ere irabazi ditu. 

Hitzekin, argazkiekin edo musikarekin istorioak kontatzeak erakarrita hasi zen Oier Fuentes 2007an bideogintzan, «bideoak bere baitan aukera guztiak jasotzen zituela ikusita». Garbi zuen ordurako zein bide hartuko zuen eta Irudi eta Soinuan espezializatutako Telekomunikazio Ingeniaritzako ikasketak egin zituen. Zinema eta ikus-entzunezkoan formazioa ere jaso zuen. Lagunartean, zuri-beltzeko film labur mutuak egiten hasi zen eta geroztik, ibilbide oparoa osatzen ari da: bideoak, erreportajeak, spotak, bideoklipak, dokumentalak, film laburrak... Denetarik egiten ari da. Gainera, egin dituen film labur batzuekin, hainbat sari eskuratu ditu: Lekeitioko 40. Euskal Zine Bileran, zuzendaritza onenaren saria jaso zuen Aska Tasun Hari filmarekin, zinemagile amateurren sailean. Kreba filmarekin, Eibarko Asier Errasti film laburren jaialdian euskarazko pelikularik onenaren saria hartu zuen eta film hori euskarazko film labur onena izendatua izan zuten Errenteriako XXII. Film Laburren Jaialdian. Azken saskia bere dokumentalak 40 proiekziotik goiti izan ditu eta Afrikan eta Espainian ere ikusi ahal izan dute.


Hainbat sari jaso dituzu. Zer erran nahi dute sari horiek zuretzat?
Sariak jasotzea pozgarria da. Aitzinera segitzeko motibazio- iturri dira, zerbait ongi egin den seinale. Orain egiten ari garen film labur bat sariei esker egin ahal izanen dugu, baina halere, denok musu-truk eginen dugu lan. Diru gutti horrekin gastuak ordainduko ditugu: janariak, jantziak, alokairuak... Niretzat, benetako saria lan gehiago egin ahal izatea da, ahal dela jende berria ezagutzea, aukera berriak sortu eta inoiz zapalduko ez nituzkeen tokiak zapaltzea.


Atzerrira ere ailegatu dira zure filmak. Espero zenuen halakorik?
Ez, inondik inora ere ez, ez ziren horretarako egin, eta beraz, sorpresa izan da niretzat. Festibalen zirkuitua ez dut duela guttira arte hurbiletik ezagutu eta harritu nau munduan zehar dagoen festibal kopuruak. Film bat egitea kontu bat da, baina ondotik, filma ikusia izan dadin egin beharreko lana ere ez da ttikia. Zorionez, aukera handiak daude gaur egun filmak kanpoan ere ikus daitezen. Eta noski, online mundua ere hor dago.


Nolakoak dira zure film laburrak?
Denetarik dago. Gidoiaren arabera, estiloa egokitzen saiatzen naiz. Nik idatzitako gehienak nahiko pertsonalak direla erranen nuke. Irudietan, soinuetan eta haien erran-nahietan sakontzea gustatzen zait, baina bizitzako unearen arabera, gauza bat edo bertze bat gehiago lantzen dut. Lan arruntagoak ere baditut, ausartagoak, mutuak, elkarrizketa dutenak, musikalagoak...


Bideragarriak dira film laburrak?
Film labur kontzeptuaren barruan gauza aunitz sartzen dira. Hiru maila daude: diru aunitz kostatzen diren lanak, aurrekontu urrikoak eta aurrekonturik gabeak. Oro har, diru-laguntza publikoen bidez egiten dira, baina izan daitezke 20 mila eurokoak, 40 milakoak eta aunitzez gehiago edo guttiagokoak. Kontuan hartu behar da grabaketa prozesuaren zati laburrena dela. Ordurako ordu aunitz pasatu dira dena prestatzen, eta ondotik ere ordu pila sartzen dira muntatzen eta ondoko lanetan. Ni zinemagintzan aurrekonturik gabeko lanetan nabil eta sarien diruarekin edo musu-truk egin ditut lanak, proiektuei nire orduak eskainiz. Ez dut lan bezala hartzen, ikasketa pertsonal bat da, gustu berdintsuak dituen jendearekin egoteko eta egiteko aukera bat.


Nola ikusten dituzu euskarazko bideogintza eta zinemagintza?
Eskaintzen ditudan sormen laborategietan ikusi ahal izan dudanez, bideogintza bolada onean dago. Orain, denok gara bideogile, telefono mugikorrarekin. Baina nahiz eta tresnak eskura izan, bideo bat egitea ez da grabatzea soilik, hori baino aunitzez ere konplexuagoa eta interesgarriagoa da. Zinemagintza profesionala momentu onean da orain, baina mundu gogorra eta zaila da, jende hagitz gutti bizi daiteke euskaraz sortzetik. Helduetan sortzaile izaten jarraitzen duen jendea ez da hainbertze, are guttiago euskaraz. Baina ez badugu euskaraz kontsumitzen, zaila da euskaraz sortzea. Diru-laguntza edo deialdien munduan ere, euskaldunok lan bikoitza egin behar dugu, informazioa erdaraz entregatu behar baita.


Film luze gutti egiten dira euskaraz. Eta film laburrak?
Aunitz edo gutti zer den ez dakit, baina garen komunitatea eta garen hiztun kopurua ikusita eta horretatik filmak ikusi eta euskaraz ikusten duen taldeari erreparatuta, film dezente egiten da euskaraz. Zoritxarrez, euskaraz sortzeak lan handiagoa eskatzen du oraindik eta zirkuitu laburragoa du. Parte hartu dudan festibaletan ikusi dudanagatik, nabarmen gehiago dira erdararen hautua egiten duten sortzaileak. Herri eta eskualdeetan lehiaketak, diru-laguntzak eta bertzelako bideak sortu behar dira euskarazko produkzioa bultzatzeko. Zirkuitua handitu eta euskarazko lanei ikusgarritasuna eman ahala, gehiago sortuko da. Laburbira bezalako ekimenak aspalditik egiten dira baina gure eskualdean ez dira antolatzen. Pena da euskarazko urteko uzta gurean ez ikustea.


Nolako harrera dute film laburrek?
Film labur gutti ikusten da. Aukerarik ez egoteaz gain, ez dago ohiturarik. Ez dira baloratzen, edo hor ere, hainbertze lan egonda, zaila da kalitate oneko lanak eta bertzelakoak bereiztea. Film laburretan pentsatzen dugunean ez dugu pelikuletan pentsatzen, bigarren mailako lanetan baizik, eskolako lanetan. Eta hori ez da horrela. Liburu eta diskoetan bezala, laburragoak izanagatik ez dute zertan kalitate ttikiagoa izan. Gainera, ustez, denborarik ez dugun garai hauetarako formatu egokia izan daiteke.


Zer egin beharko litzateke sektorea indartzeko?
Sektorea zinemagintza profesionala bada, hainbat elkartetatik aldarrikapen konkretuak egiten dituzte legedia eta arauak egokitzeko. Euskalgintzatik ere gauza bera, eta ez dira gutti horretan ari direnak. Ikus-entzunezkoak garestiak direla erraten da eta hori erraten den momentutik deus guttirako balio dezaketela erraten ari gara, baliorik ez dutela. Sormena balorean jartzen ez den bitartean interesik gabekoa izaten jarraituko du. Herrietatik hasi behar da, ekimenak sortzetik. Film kolektiboak, proiekzioak, ikastaroak... gauza aunitz egin daitezke.


Zein izanen da zure hurrengo lana?
Hiru film laburrekin ari naiz. Bata Donostian hustutako etxe batek gibelean utzi dituen ahotsena, bertzea euskal kondaira zahar baten egokitzapena da eta azkenik film labur poetiko bat, muga pertsonalen inguruan.


Film luzerik eginen duzu inoiz?
Auskalo, agian bai eta agian ez. Lehenagotik film labur bat baldintza onetan egitea gustatuko litzaidake. Ondotik ikusiko da, ez dut behar berezirik film luze bat egiteko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun