Gure Txokoako futbol taldeek bukatutzat eman dute denboraldia

Ttipi-Ttapa 2018ko eka. 8a, 08:56

Mailaz igotzea lortu du aurten Gure Txokoako talde nagusiak.

Talde nagusiak Gipuzkoako Gorengoen Mailara igotzea lortu du, baina ttikiak ere ederki ibili dira 

Futbol 8-ko Nafarroako finalak jokatu ondoren, Gure Txokoako futbol talde guztiek bukatutzat eman dute 2017/18ko denboraldia. Orokorrean, urte ona izan da, bereziki, azken urteetako saiakeren ondoren, jarraitzaile guztiek gustura ospatutako erregionaleko taldearen igoerari esker.

 

Futbol 11-ko gainontzeko taldeetan, bakarrik ere ez du lortu igoera faseerako sailkatzea. Kopan, jubenil eta infantilek final zortzirenetarako sailkatu arren, ezin izan zuten fase hau gainditu. Pena izugarria Jose Canterok entrenatutako jubenilen taldeari dagokionez bereziki, bigarren fasea partidurik galdu gabe (12 partidu irabazi eta 2 berdindu) bukatu ondotik, finalera ailegatzeko esperantza gehien zuen taldeetako bat baitzen.

Futbol 8an, lehenbiziko urteko alebinak eta bigarren urteko benjaminak Nafarroako finalerako sailkatu ziren. Mikel Esnaolak entrenatutako alebinak Murtxanten izan ziren, eta partidu bat irabazi eta bertzea galdu ondotik, ezin izan zuten Zintruenigoko Cirbonero taldeak irabazitako finalerako sailkatu. 

Benjaminetan, San Adrianen jokatu ziren finalak. Bertan, Angel Pombar eta Sergio Moratek zuzendutako taldeek hiru partidak galdu zituzten, guttigatik izan bazen ere. Txapelketa honetan Valtierrano taldea izan zen txapelduna finala Osasunaren aurka irabazi ondoren. 

Juan Luis Irazokik entrenatutako bigarren urteko alebinena izan da progresio handiena izan duen taldea. Eta erregionaleko jokalariak diren Bittor Txantre,Ruben Pedrosa eta Mikel Aldazabalek gidatutako ttikienek denboraldi polita burutu dute.

Gure Txokoako zuzendaritzak, duela 10 urte hasitako lanak bere fruituak ematen dituela ikusirik, itxaropentsu begiratzen dio etorkizunari. Matzada futbol zelaiaren berritzeak eta lehenbiziko taldearen igoerak aurrera jarraitzen lagunduko dutela espero du, «baita bertze taldeetan jokatzen ari diren Berako jokalariak itzultzea eta denon artean, Gure-ren baloreak mantenduz, Gure Txokoa lehiakorrago bat lortzea». 

Zuzendaritzak eskerrak eman nahi dizkie, 150 haur eta gaztek, Beran futbolean jokatu ahal izateko beraien denbora taldeak entrenatzera zuzentzen duten entrenatzaileei eta konpromezua espero dute bai jokalari baita gurasoengandik ere.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun