Baztan-Bidasoaldeko 31. Bertsopaper lehiaketako sariak banatu dituzte

Ttipi-Ttapa 2018ko eka. 1a, 21:50
31. Bertsopaper lehiaketan saritutakoak, ortzirale arratsaldean Berako Kultur Etxean.

161 lan aurkeztu dituzte eta Julen Zelaieta beratarrak irabazi du kategoria nagusian 

Bortzirietako Bertso Eskolak eta Berako Kultur Batzordeak Bortzirietako Euskara Mankomunitatearekin batera antolatutako Baztan-Bidasoako XXXI. Bertsopaper lehiaketako sariak banatu zituzten ekainaren 1ean, ortzirale arratsaldean Berako Kultur Etxean. Guztira 161 lan entregatu dira.

 

A mailan, (10 urte arte), lehen saria Lesakako Xabier Garro Lasherasek lortu du  ‘Infernua’ la­na­rekin. Bigarren saria, Mikel Zozaia beratarrak eskuratu du ‘Iniesta’ izeneko bertso-xortarengatik. Aipamen berezia Berako Axuri Zapiain Arlegik lortu du, ‘Karabana’ lanarekin.

B mailan (11-14 urte), lehen saria Imanol Mesa Garmendia lesakarrak lortu du, ‘Argia’ lanarekin. Bigarren saria, Berako Amaiur Goñi Elortzak eskuratu du, ‘Hazi baten indarra’ lanarengatik eta Lesakako Lexuri Arotzena Portuk epaimahaiaren aipamena jaso du, ‘Amona’ bertso-xortarengatik.

C mailan (15-18 urte) lehen saria Lesakako Ane Telletxea Igoak eskuratu du ‘La manada’ izeneko bertso-xortarekin. Berako Ekhiñe Zapian Arlegik  epaimahaiaren aipamena jaso du, ‘Zer da bertsoa?’ lanarengatik.

D maila nagusian (18 urtetik goiti), lehen saria Berako Julen Zelaieta Iriartek eskuratu du ‘Seme, besarka nazazu’ lanarekin eta bigarren saria Lesakako Eneko Fernandez Maritxalarrek, ‘Justiziaren balantzak’ lanarekin.

Sari banaketaren aitzinetik, Berako Labiaga ikastolako eta Lesakako bertso eskoletako ttikienek, Martixio asma­tzailea, Patxi Errementaria eta Goazen! bertso antzeztuak eskaini zituzten eta bapateko lehiaketa bat ere egin zuten. Bertan, Etxalarko Etxahun Azkarraga suertatu zen garaile eta Berako Amaiur Goñi bigarren. Aipamenak izan ziren Lesakako Egoi Silveira Arrieta eta Berako Beñat Iparragirreren­tzat. Ondotik, partehartzaileentzako berendua izan zen Beralandetan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun