Ekaineko lehen asteburua ekitaldiz betea izanen da Lesakan Beti Gazteren eskutik

Ttipi-Ttapa 2018ko mai. 29a, 08:06
Margolariek eta argazkilariek Lesakako karrikak beteko dituzte igandean.

Ezagutu Dezagun Lesaka lehiaketako sariak banatuko dituzte ortzegunean, Elutxa txarangaren eta lerro dantza taldearen kalejira ortziralean, Beti Gazte Eguna larunbatean eta argazki rallya eta margo lehiaketa azkarra igandean izanen dituzte 

Lesakako Beti Gazte elkarteak hainbat ekitaldi antolatu ditu ekainaren lehen asteburu honetarako, Udalaren laguntzaz. Ezagutu Dezagun Lesaka lehiaketako sariak banatuko dituzte ortzegunean, Elutxa txarangaren eta lerro dantza taldearen kalejira ortziralean, Beti Gazte Eguna larunbatean eta argazki rallya eta margo lehiaketa azkarra igandean izanen dituzte

 

Hasteko, maiatzaren 31n, ortzegunean, 17:30ean Ezagutu Dezagun Lesaka lehiaketako sari banaketa eginen dute. Elkartean.

Ortziralean, ekainak 1, Elutxa txarangaren eta Beti Gazteko lerro dantza taldearen eskutik kalejira eginen dute, 19:00etan. Haizegoatik abiatuta. Elutxa txaranga bosgarren urteurrena ospatzen ari da.

Larunbatean Beti Gazte elkartearen Eguna ospatuko dute, egitarau zabalarekin. 08:00etan mendi irteera abiatuko da. 10:30ean Beti Gazteko jokalarien artean kirol probak eginen dituzte. 13:00etan poteo musikatua izanen daElutxa txarangaren laguntzaz. 14:30ean bazkaria izanen dute Koxkonta jatetxean, nahi duen guztiarentzat irekia. Bazkarirako txartelak 30 eurotan salgai daude Koxkilla, Zialdo, Arrano eta Etxeberria ostatuetan eta ekainaren 1a baino lehen erosi beharko dira.

  

Argazki Rallya eta margo lehiaketa igandean

Igandean, Beti Gazte elkarteko argazkilari taldeak hirugarren aldiz Argazki Rallya antolatu du. Rallya­ren hasieran jakitera emanen diren lau gairen inguruko argazkiak aurkeztu beharko dira. Bilduma onenari 150 euro eta diplomako sari berezia emanen zaio eta gai bakoitzeko irabazleak 75 euro eta diploma izanen du. Bortzirietako argazki onenari ere 100 euro eta diploma emanen zaizkio.

Argazki digitalak Lesakako udal-barrutian egin beharko dira, JPG kalitate goreneko formatoan eta rallyaren hasieran txartela hutsik izan beharko dute argazkilariek. Ekainaren 3an, igande goizeko 9etatik 10etara egin beharko da izen ematea Beti Gazten. 10 euro ordaindu beharko da izen ematerakoan, baina 16 urte baino guttiago dutenek doan parte hartzen ahal dute. Partehartzaile bakoitzak, gehienez, 36 argazki entregatu ahalko ditu. Rally­aren akaberan, 13:00etatik 14:00 arte argazkiak deskargatuko dira Beti Gazte elkartean.

Lehiakide bakoitzak gai bakoitzeko argazki bat hautatuko du eta ekainaren 10a baino lehenago fotobetigazte@gmail.com helbidera bidali beharko ditu.

Epaimahaia profesionalez eta antolakuntzako kide batez osatuta egonen da eta epaia www.betigazte.net web­gunean argitaratuko da, argazki onenak bezalaxe. Sari banaketa eta irabazleen argazki emanaldia Beti Gazte elkartean eginen dira ekainaren 23an, 19:00etan.

Egun berean,  Elias Garralda VI. margo lehiaketa azkarra ere antolatu du Beti Gaztek. Partehartzaiile bakoitzak bere materiala eraman bejarko du, baina egile bakoitzari 20 euro emanen zaizkio gastuei aurre egiteko. Lanak igande goizeko 08:30etik 10:00etara zigilatuko dituzte Beti Gazte elkartean eta leku berean aurkeztu beharko dituzte 13:30etik 14:00etara. 500 eta 300 euroko sariak izanen dira onenentzat eta 150 eurokoa herriko onenarentzat. 18:00etan margo lehiaketako sari banaketa eginen dute.

Helduek ez ezik, ttikiek ere izanen dute haur margoketaren egunean parte hartzeko aukera. Hiru mailatan banatuak ariko dira: A maila (2010-2011 urteetan jaioak), B maila (2008-2009an jaioak) eta C maila (2006-2007 urteetan jaioak). Lehiaketa 11:00etan hasiko da eta 13:00etan bukatuko da. Parte hartzaile guztiek margotzeko materialak eraman beharko dituzte. Antolakuntzak margotzeko taula emanen die. Maila bakoitzean  marrazki onenek saria  izanen dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun