Apiriletik hasita, fisioterapeuta agertzen da Lesakako udalaren erabilera anitzeko aretora. Fisioterapiaz gain, psikomotrizitate eta estimulazio goiztiarra ere eskaintzen zaie haurrei. Orain arte, Sarrigurenera joan behar izan zuten gurasoek haurrarekin eta inguru hau zen arlo honetan arretarekin jasotzen zuen Nafarroako eskualde bakarra.
Aurrekariak
Orain arte, atentzio goiztiarraren baitan, logopedia eta estimulazio zerbitzuak eskaini dira Bortzirietan ANFAS erakundearen bidez, baina fisioterapia nahi zuenak Iruñera joan behar zuen. Ondorioz, errepideko arriskuaz gain, joan-etorrietarako zailtasunak zeuden eta horrek fisioterapia-saioak guttitzea zekarren. Gainera, joan-etorriak ordaintzeko dirulaguntzak kendu zituzten. Aitzitik, legeak dio guttieneko zerbitzuok Nafarroa osoan norbere etxebizitzaren hurbilean eskaini behar direla.
2010eko eskari hartan Bortzirietako bizilagunak gainerako nafarrekin konparatuta desberdintasun egoeran daudela ere kritikatu zuten, fisioterapia zerbitzua ez baitzen bakarrik Iruñean ematen, Lizarra eta Tuteraldekoek ere beraien herrietan hartzen baitzuten.
Horregatik, arazoa ezagutzera eman eta fisioterapia zerbitzua ezartzeko eskatzeaz gain, zenbait irtenbide ere proposatu zituzten: logopedia eta estimulazio zerbitzuak Bortzirietan eskaintzen dituen ANFASi fisioterapeuta bat kontratatzeko baimena ematea, zerbitzua Lesakako Osasun Zentroan ematea baloratzea, dagoeneko haur fisioterapeuta batekin lan egiten duen Aspacerekin zerbitzua konzertatzea, edo, azkenik, fisioterapeuta Iruñetik Bortzirietara hurbiltzea.
Belen Compayns pediatraren hitzetan, estimulazio –2004 inguruan– eta logopeda zerbitzuak –2006-2007 urte inguruan–, protestatu ondotik paratu ziren. Bortziriak izan zen Iruñetik kanpo arreta goiztiarreko zerbitzu horiek lortu zituen lehen eskualdea eta gero hedatu zen bertze eremuetara. Fisioterapeutarekin ere bide bera segitu zuten eta helburua lortzeko itxaropena zuten, «beharra badelakoz».
Nafarroako Arartekoari ere zuzenean arazoaren berri emateko joan ziren 2010eko abenduaren 22an Bortzirietatik Iruñera Patxiku Irisarri eta Jokin Apezetxea, garai hartan mankomunitateko presidentea zena eta teknikaria, Belen Compains pediatra eta Begoña Arretxea gurasoa. Arartekoak babesa eman zion bortziritarren eskariari, ebazpen bidez. Honela Arartekoak, arreta goiztiarraren zerbitzua erabiltzaile diren Bortzirietako haurrek, fisioterapiako prestazioa behar dutenek, hau ahal den hurbilen eta, nolanahi ere, gizarte zerbitzu orokorren zorroan aipatzen den iparraldeko eremuaren barruan hartzeko behar diren neurriak har zitzala gomendatu zion Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari. Departamentu honek bi hilabeteko epea zuen gomendio hau onartzen zuen ala ez informatzeko, hartu behar zituen neurriak adierazteko edo bertzela, gomendioa ez onartzeko arrazoiei buruz informatzeko.