Bortzirietako udaleku irekietako izen-ematea maiatzaren 21ean irekiko da

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2018ko mai. 19a, 08:55
Hiru eta hamabi urte bitarteko gaztetxoei bideratutako udalekuak dira

Arantzan, Beran, Etxalarren eta Igantzin uztailaren 2tik 27ra arte izanen dira. Lesakan, berriz, uztailaren 16tik abuztuaren 10era

Urtero bezala, Bortzirietako Euskara Mankomunitateak, Bortzirietako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearekin eta Dindaia Fundazioarekin elkarlanean, eta LaCaixa-Obra Soziala erakundearen babesarekin, udaleku irekiak antolatu ditu. Hiru eta hamabi urte bitarteko neska-mutikoei bideratutako udalekuetan izen-emateko epea maiatzaren 21ean irekiko da eta ekainaren 1era arte egonen da zabalik.

 

Arantzan, Beran, Etxalarren eta Igantzin udalekuak uztailaren 2an hasi eta uztailaren 27an bukatuko dira. Lesakan, berriz,  uztailaren 16atik abuztuaren 10era bitarte izanen dira. Herri guztietan, udalekuak goizeko 10:00etatik 13:00ak arte izanen dira.

Izen-ematea Bortzirietako Mankomunitatearen web orriaren bidez (www.bortziriak.eus) edo telefonoz (948 634125 edo 680650650, 09:00etatik 13:00etara) deituta egin daiteke. Taldea osatzeko herri bakoitzean zortzi neska-mutikok izen-ematea beharrezkoa izanen da.

Lehentasuna eta prezioak

Udalekuetan onartuak izateko lehentasuna Bortzirietan erroldatuak diren eta bertako ikastetxeetan (D eta B ereduetan) matrikulatuak dauden neska-mutikoek izanen dute. Udalekuetan lau asteetarako edota bi astetarako izen ematen ahalko da. Lau astetarako 90 euro ordaindu beharko dira; bi astetarako, berriz, 50 euro. Bi senidek izena emanez gero, berriz, 150 (lau aste) edo 80 (bi aste) euroko kostua izanen du; hiruk emanda, 180 edo 90 euro, hurremez hurren.

Zailtasun ekonomikoak dituzten familiek matrikularen %50a ordainduko dute. Horretarako Bortzirietako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatera (948 635 036) jo behar dute, beharraren balorazioa egiteko.

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun