Morau musikariaren 'Egunsentiak alperrentzat' azken diskaren aurkezpena Beran, maiatzaren 20an

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2018ko mai. 18a, 07:00

Diskak amarekin, dozena bat urtez, goizero, egunsentietan egin dituen paseoak ditu ardatz

Euskal idazle eta musikariaren emanaldia 19:00etan izanen da, Kataku ostatuan

Andoni Tolosak, Morau ezizenez ezagutzen denak, bere azken diska, Egunsentiak alperrentzat, aurkeztuko du igandean, hilaren 20an. Berako Kataku ostatuan eskainiko du saioa, 19:00etan. Folk-rock kantautoreak 'gizartearen kronistatzat' du bere burua; eta ironia eta xamurtasunez zipriztinduak dira orain artean kaleratu dituen sei diskak.

 

 

Morauren Egunsentiak alperrentzat bakarkako lehen lan luzeak amarekin, dozena bat urtez, goizero egunsentietan egin dituen paseoak ditu ardatz. Paseo horiek aitzakiatzat hartuz, gaixotasunaz (bereziki amaren alzheimerraz), zaintzaz, familia-harremanez, maitasunaz edo heldutasunaren bilakaeraz solastatzen da.

Egunerokotasunean kokatu du bere begirada, gertakari eta irudi txikiz hornitu ditu hamairu kantuak, dramatik urrunduz eta gaixotasunarekin lotutako topikoei alde eginez. Bukaera eta hasiera jakineko bidaian murgiltzea ahalbidetzen du, gogoetei tarte eginez.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun