Aurten 71 lan aztertu behar izan dituzte epaimahaikideek, eta, haien artetik, dibulgazio-artikulu orokorraren saria Alaitz eta Iraia Etxabide Etxeberria ahizpek irabazi dute, “Irtenbide zirkularra, mundua irensten ari den nonahiko zaborraren kontra” izeneko artikuluarekin. Plastikoen arazoari aurre egiteko irtenbideak ikertzen ditu Alaitzek, eta idatzi duen artikulurako ilustrazioak egin ditu Iraia ahizpak. Lesakarrak dira, eta bien arteko elkarlanaren emaitza izan da lan saritua. 2.000 euroko saria eta Imanol Andonegi Mendizabalen eskultura jaso dute, bertze saridunek bezala.
Bertze sariak
Egilearen doktore-tesian oinarritutako dibulgazio-artikuluaren saria, berriz, Miguel Querejeta Lópezek eskuratu du, “Zulo beltzen sinfonia” lanarekin. Querejeta donostiarra da, eta Alemaniatik etorri da saria jasotzera, Max Planck Astrofisika Institutuan baitabil ikertzen. Zulo beltz erraldoien eta galaxien arteko elkarrekintzari buruz egin du tesia, eta ez da CAF-Elhuyar sari bat irabazten duen lehen aldia: 2013an ere jaso zuen, artikulu orokorraren kategorian.
Aurten, bigarren aldiz banatu da Neiker Sari Berezia. Lehen sektoreko lanak saritzen dira haren bidez, eta aurtengo saritua Iñaki Odriozola Larrañaga da (Zestoa), “Euskal mendiak herbiboroek zizelkatuak” lanarengatik. Hark ere bere tesian oinarrituta idatzi du artikulua.
Bestalde, zientzia-kazetaritzaren arloko lanen kategoria ez du kazetari batek irabazi, kimikari batek baizik, Josu Lopez Gazpio tolosarrak. Lan handia egiten du dibulgazioan, eta horren erakusgarri da saria irabazi duen artikulua: “Gabonetako oporraldiak osasunean duen kaltea”. Zientzia Kaieran argitaratu zuen, Eguberrietako oporrak hasi aitzinetik, hain justu.
Sariez gain, 5.000 euroko diru-laguntza bat ere eskaintzen du CAF-Elhuyar sariketak, zientzia eta gizartearen arteko zubi-lana egiten duten proiektuak bultzatzeko asmoz. Aurtengoan, arkitekturaren gaineko gogoeta eta teknologia uztartzen dituen proiektu batek irabazi du: “Bastartak!”. Egileak: Ander Gortazar Balerdi donostiarrak eta Jacek Markusiewicz poloniarrak, arkitektoak (RAZ kooperatiba).
Azkenik, Elhuyar Fundazioaren Patronatuak Elhuyarren Merezimendu Saria ematen du. Haren bidez, euskara normalizatzen eta zientzia gizarteratzen egindako lana aitortzen du. Eta, aurten, Ekaia EHUko Zientzia eta Teknologia aldizkariarentzat izan da. Izan ere, ia 30 urteko ibilbidean, euskarazko zientzia-aldizkarien kalitatea nazioarteko hainbat aldizkariren mailakoa dela frogatu du Ekaia aldizkariak.