50. urteurreneko ospakizun handia prest du Toki Onak maiatzaren 19rako

50. urteurreneko ospakizun handia prest du Toki Onak maiatzaren 19rako
Ikasturte osoko ekitaldiak larunbatean borobilduko dituzte Toki Onan. Argazkian, apirilaren 27ko ekitaldi instituzionala.

Ate Irekiak, pilota partidak, herri-bazkaria, zozketak eta bertze hainbat ekitaldi eginen dituzte larunbatean 

Berako Toki Ona institutua mende erdiz egindako lana ospatzen ari da aurtengo ikasturtean. Orain artean ikasle eta irakasle ohiekin mahai-inguruak egin dituzte, egungo ikasle eta irakasleak Toki Onako historia eta istorioaz solastatu dira, ospakizun instituzionala egin dute... Urteurrena borobiltzeko egun handia, ordea, maiatzaren 19an, larunbatean, izanen dute. 

 

Egitaraua

Ikasle eta irakasle ohi, egungo langile, inguruko herritar eta gonbidatuek egun ederraz gozatzeko egitarau zabala prestatu dute. 10:00etan institutuko ateak irekiko dituzte eta 12:30ak bitarte, bertaratzen direnek ikastetxea ezagutzeko aukera izanen dute. Bien bitartean, 11:00etan, BeÒat Mitxelena eta Jon Olaizolaren arteko pilota partida izanen da ikusgai, Eztegara pilotalekuan. 12:00etatik aitzinera Ricardo Barojako frontoia irekiko dute, inguruan dabiltzanek zintzurrak freskatzeko. 14:00 aldera Ricardo Barojako sukaldean prestatutako menua eskainiko da. Arratsaldean dantzarako tartea izanen dute, 16:00etatik 19:00etara. Ordu berean zozketa-txartelen irabazleak jakinaraziko dituzte. Irabazleek Elgorriagako bainuetxean zirkuitua, Irisarri Landerako sarrera edo Martiko loteak jasoko dituzte.