VIII. Xabi Telletxea BTT jautsiera eginen dute Igantzin maiatzaren 12an

Ttipi-Ttapa 2018ko mai. 10a, 14:33

Txirrindulari bat Frainetik beheiti, joan den urteko jautsieran.

Larunbateko proban Nafarroako txapelketa erabakiko da eta Euskadiko Openerako puntuagarria izanen da

Xabi Telletxea zena gogoan, aurten ere BTT edo mendi bizikleta jautsiera antolatu du Igantziko Biltoki Elkarteak. Maiatzaren 12an eginen da eta aurtengoa zortzigarren aldia izanen da Xabi Telletxearen omenez, nahiz eta berez, 2002an egin zen lehen edizioa.

Izan ere, Xabi Telletxea bera zen proba honen bultzatzaileetako bat (baita parte-hartzailea ere eta Nafarroako txapeldun izana zenbait urtez) eta bere heriotzaren ondotik, herritarrek lekukoa hartu eta bere izena jarri zioten jautsierari. Aipatzekoa da, azken urteetan bezala, Nafarroako Txapelketa erabakiko dela Igantziko proban eta gisa berean, Euskadiko Openerako puntuagarria izanen dela. Beraz, modalitateko Euskal Herriko biker edo txirrindulari onenak abiatuko dira Frain kaxkotik herrirako bidean, ikuskizun bikaina eta bizia eskainiz.

 

Larunbat goizean entrenamenduak, arratsaldean lehia

Goizean entrenamenduak eginen dira, 09:00etatik 12:30era eta lehiako lehen txanda edo manga 15:00etan hasiko da. Federatuak izatea derrigorrezkoa da. Egun osoan ostatua irekiko dute eta ogitartekoak erosteko aukera ere izanen da.

Informazio gehiagorako 680 704091 telefonora deitu edo igantzikobiltoki@hotmail.com helbide elektronikora idatzi.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun