Bortzirietako Abesbatzen III. Topaketa eginen dute maiatzaren 12an Lesakan

Ttipi-Ttapa 2018ko mai. 10a, 07:06

Giltzarri abesbatzak hirugarren urtez segidan antolatu du topaketa.

Giltzarri abesbatzarekin batera, Burgosko Ganbera Abesbatza eta Azkoiengo Udal Musika Eskolakoa ariko dira larunbat arratseko 8etatik aitzinera komentuan

Giltzarri Abesbatzak,  Lesakako udalaren laguntzaz Bortzirietako Abesbatzen III. Topaketa antolatu du maiatzaren 12an, larunbatean 20:00etan komentuan. Giltzarrirekin batera, Burgosko Isabel I Unibertsitateko Ganbera Abesbatza eta Azkoiengo Udal Musika Eskolako Abesbatza ariko dira. Sarrera doan izanen da.

 

Giltzarri Abesbatza 1996. Urtean sortu zen eta hasieratik Isabel Lacar lesakarraren zuzendaritzapean izan da. Gaur egun, Bidasoa aldeko 40 abeslarik osatzen dute eta astero biltzen dira, errepertorioa berritu eta musika zabaltzeko helburuarekin.

Azkoien-Peraltako Udal Musika Eskolako abesbatza 1997an sortu zen, Mercedes Gorria Sanchezen zuzendaritzapean. Gaur Egun, David Echeverriak zuzentzen du 25 ahotseko abesbatza.

Burgosko Isabel I. unibertsitateko ganbera abesbatzak 1991n eskaini zuen bere lehen kontzertua, Angel Portal Seguraren zuzendaritzapean. 2013. Urtetik honat Enrique Yuste Riverok zuzentzen du.

Lehenik, hiru abesbatzak bakoitza bere aldetik ariko dira eta gero, elkarrekin abestuko dute.

 

Lesakako Musika Bandaren Udaberriko Kontzertua ortziralean

Musika kontuekin segituz, Lesakako Udal Musika Bandak Udaberriko kontzertua eskainiko du maiatzaren 11n, ortziralean 20:30ean San Fermin Jubilatuen Elkarteko egoitzaren arkupetan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun