Bertsomovieda lehiaketan saritu dute Lesakako bertso-eskolako gaztetxoen bideoa

Ttipi-Ttapa 2018ko mai. 4a, 11:01

Lesakako bertso-eskolako gaztetxoak, ortzegunean Beasainen saria jasotzerakoan.

16 urtetik beheitiko kategorian sari nagusia (300 euro) eskuratu dute Beasainen

Beasaingo Arrano kultur elkarteak antolatutako Bertsomovieda lehiaketako 7. edizioko sari-banaketa egin zuten maiatzaren 3an Beasaingo Igartza Jauregian. Bertsoekin hornitutako Euskal Herri osoko bideo-lanak saritzen ditu lehiaketa honek eta 16 urtetik beheitiko mailan, Lesakako bertso-eskolako gaztetxoen ‘Berdin eskubideetan’ lanak eskuratu du lehen saria (300 euro).

Estitxu Arozena irakaslearen gidaritzapean, Imanol Mesa, Ihintza Lekuona, Lexuri Arotzena, Malen Igoa, Oihana Arruti, Ainhize Garro, Luken Urtxegi (Igantzi) izan dira bideoaren egileak.

Antolatzaileek aipatu dutenez, «parte-hartzea lehiaketaren sorreratik pixka bat apaldu den arren kalitaterik galdu ez duen edizioa izan da aurtengoa ere. Helduen mailan 4 lan jaso ditugu eta gazteenean 6 baina antolatzaileok oso gustura gaude lehiaketak Euskal Herrian izan duen hedapenarekin, betiere iparraldeko arantza ttiki bat gelditzen zaigun arren, txoko ugaritako lanak jaso baititugu (Gipuzkoa, Bizkaia, Araba zein Nafarroa Garaitik)».

 

Sariak

Helduen mailako saria (1000€) : Emakume Meatzariak

(Egilea: Marruka, Portugaleteko proiektu komunikatibo herrikoia)

http://www.bertsomovieda.com/?p=1172

 

Gazteen mailako saria (300€) :  Berdin Eskubideetan  (Egileak: Lesakako Bertso-eskolako gazteak)

http://www.bertsomovieda.com/?p=1174

 

Bertsorik onenak (250€) : Dastatu (Egileak: Txakur Gorria taldea)

http://www.bertsomovieda.com/?p=1170

 

Publikoaren saria (500€): Emakume Meatzariak

(Egilea: Marruka, Portugaleteko proiektu komunikatibo herrikoia)

http://www.bertsomovieda.com/?p=1172

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun