Berako Toki Ona Institutuaren 50. urteurreneko ospakizun instituzionala eginen dute apirilaren 27an

Ttipi-Ttapa 2018ko api. 26a, 08:10
Joan den ortziraleko azken hitzaldian parte hartu zutenak

Ortzirale eguerdian izanen da kiroldegian eta Nafarroako Gobernuko eta Bortzirietako ordezkariak espero dituzte

Berako Toki Ona Institutuaren 50. urteurrena gogoratzeko ikasturte osoan egiten ari diren ekitaldien artean, apirilaren 27an, ortzirale eguerdian ospakizun instituzionala eginen dute kiroldegian. Nafarroako Gobernuko eta Bortzirietako udal ordezkariak espero dituzte, bertzeak bertze.

 

Ekitaldia 12:00etan hasiko da. Leire Igoa eta Olaia Telletxea ikasleek, musika pieza bat joko dute. Ondotik, Nimbe, Aiala, Ane, Maiana, Aroa eta Eider ikasleek Aurreskua dantzatuko dute, Jon Leiza eta Oier Larretxea txistularien doinuekin. Segidan, Enkarni Peña zuzendariak hartuko du hitza. Gonbidatuak eta bertaratutako guziak agurtuko ditu irakasleen izenean. Oier Larretxea ikasleak bertsoa kantatuko du.

Toki Onara hurbildutako agintarien solasak izanen dira ondotik. Hasieran, Uxue Barkos presidentea eta Maria Solana etortzekoak ziren baina ezin izanen dute etorri. Hezkuntzako Zuzendari orokorra, Roberto Perez, Lanbide Heziketako arduraduna, Esther Monterrubio eta zonaldeko ikuskaria Tomás Sukunza izanen dira. Bortzirietako ikastetxetako zuzendariek eta orientatzaileek parte hartuko dute ekitaldian, baita Berako eta Arantzako alkateek ere. ADIko ordezkariren bat ere etorriko da, baita Gizarte eta Osasun Zerbitzutik eta Euskara Mankomunitatetik ere.

Diskurtsoen ondotik, Jaione Irazu, Nahikari Loiarte, Kattalin Berasain, Naroa Zapiain, Olaia Pikabea, Oihana Sarratea, Ainhoa Arburua, Idoia Goia eta Ane Otamendi, kurtso ezberdinetako ikasleek, dantza moderno bat interpretatuko dute.

Toki Onako ordezkarien esker hitzak eta gero, gonbidatuekin eta parte hartu duten guztiei aperitiboa eskainiko zaie Beralandetan.

 

Azken hitzaldia egin zuten joan den ortziralean

Aipatzekoa da joan den ortziralean egin zutela ikasle, ikasle-ohi, irakasle eta langileekin gauzatzen ari diren mahai-inguru eta solasaldietan azkena Beralandetan. ‘Toki Onako historia eta anekdotak’ izenburupean, irakasle eta langile batzuk aritu ziren solasean: Mari Paz Aizpuru, Maite Arzuaga, Maria Jesus Astondoa, Juanjo Errandonea, Andoni Errandonea, Jose Mari Irazoki, Virgilio Musgo, Santi Maya eta Enkarni Peña. Aldi berean, erakusketa zabalik egon zen Kultur Etxean.

 

Egun nagusia maiatzaren 19an

Egun nagusia eta ospakizunen bukaera maiatzaren 19an eginen dute. Ate Irekien jardunaldia izanen dute eta erakusketa irekiko dute ikastetxean. 11:00etan pilota partida jokatuko dute Eztegara frontoian Jon Olaizola eta Beñat Mitxelena ikasle ohiek. 14:00etan bazkaria izanen dute Ricardo Barojako frontoian. Txartelak apirilean jarriko dituzte salgai Bortzirietan: Igantziko estankoan, Arantzako Pabloenea ostatuan, Etxalarko Elutsa ostatuan, Lesakako Izarra okindegian eta Berako Errekalde ostatuan eta Toki Ona institutuan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun