Giro ederrean joan da Lesakan Tantirudantza jaialdia

Ttipi-Ttapa 2018ko api. 23a, 10:01

Herriko dantzari ttikiekin batera, Bera, Zumaia, Ibarra eta Lezokoak ere aritu dira dantzan

Lesakako Tantirumairu euskal folklore taldeak antolatutako Tantirudantza jaialdia egin dute apirilaren 22an. Herriko dantzari ttikiekin batera, Berako Gure Txokoa, Zumaiako Txori Txiki, Ibarrako Alurr eta Lezoko Murixka taldetakoak izan dira, ehun dantzari baino gehiago.

Igande goizean, taldeei ongietorria egin ondotik, karrikaz karrika ibii ziren beraien dantza saioak eskainiz. Eguerdian, herriko dantzari ttikien Zubigainekoa eskaini zuten eta gero, plazan egin zuten jaialdia denek batera.

Berako Gure Txokoa dantza taldekoek, Gurra Furra, Esku dantza, Txulalai, Jozan Jozan eta Aldapeko dantzatu zuten.

Lezoko Murixka taldekoek Alpargata, Zintas eta Makil Txiki dantzatu zuten.

Zumaiako Txori Txiki dantza taldekoek, Abaltzisketako Txantxoak, Arrantzal eta Makil Txiki berria dantzatu zuten.

Ibarrako Alurr dantza taldekoek Axuri Beltza, Momotxorro, Zazpi Jauzi eta Lanz dantzatu zuten.

Tantirumairu euskal folklore taldekoek Txulalai, Ipurdi dantza, Txotxongilo, Zinta dantza, Gipuzkoako ezpata dantza eta Sagar dantza dantzatu zuten. Ondotik, talde guztiek batera, Kalejira egin zuten.

Bazkalondoan, Ttipika dantza gidatuak izan ziren plaza .

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun