«Morgan taldeko Nina abeslariarekin kantatzea gustatuko litzaidake»

Ttipi-Ttapa 2018ko api. 20a, 12:35

Sara Telletxea, Berako gaztea

 

Nor da Sara Telletxea?
Musikarik gabe bizitzen ez dakien ameslaria; bizitza denak emanda bizitzen duena.

'Kantatzen ez duenak zorionik ez du'...
Nire kasuan halaxe da (irriz). Kantatzeak aunitz laguntzen du, baina zoriontsu izateko badira mila arrazoi.

Zer da musika zuretzat?
Bizitza. Gidatzeko, dutxatzeko, kanpoan bakarrik oinez ibiltzeko... bidelaguna.

Bago!az saioan zabiltza. Nolako esperientzia izaten ari da?
Hagitz polita. Haur Kantari Txapelketa edo jaialdiko 8 urteak gogoratzen dizkit...

Ez da telebistan izaniko esperientzia bakarra...
Kantugiro saioan parte hartu nuen eta Lesakan eta Donostian kantatu nuen. Oholtza gainean kantatzea bezain zaila da kamera aitzinean solastatzea.

Dantzan ere ibiltzen zara...
Sei urte nituela euskal dantzetan hasi nintzen eta zazpirekin Dantza Jazz-en. Orain Sergio Nguemaren & The Groove Killaz taldean nabil, Victoria Eugenia antzokian bi emanaldi ditugu maiatzean.

Norekin kantatuko zenukeen?
Morgan taldeko Nina abeslariarekin. Bere ahotsa, musika... aunitz gustatzen zaizkit. Alicia Keysekin, Pinkekin edo Beyoncérekin... ere gustura kantatuko nukeen baina utopia bat da.

Zer du Berak bertze herriek ez dutena?
Kirola, musika edo bertzelako zaletasunak garatzeko aukera dezente eskaintzeaz gainera, Iparraldera edo Gipuzkoara joateko erraztasuna da bereziki gustatzen zaidana.

Asteburuko plan hoberena?
Lagunekin bazkaldu, argazkiak atera eta gitarra jotzen badu berarekin kantuan ibiltzea. Biharamunean hondartzan edo mendian lasai egotea.

Berako txoko politena?
Trenbidea edo San Migel zubia. Azken hori leku historikoa da, herritar talde batek berreraikia izateak balioa ematen dio.

Amets bat?
Mundua parekatuagoa izatea: kapitalismoak eragindako interes, gerra eta arazoak bukatzea eta enpatia gehiago izatea. Amets pertsonala, artista izatea eta hortik bizitzea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun