Euskaraldirako lantaldea sortzeko bilera eginen dute apirilaren 20an Arantzan

Ttipi-Ttapa 2018ko api. 18a, 12:18

Euskaraldiaren baitan, azaroaren 23tik abenduaren 3ra, euskaraz aritzeko erronka egin dute 

Han eta hemen ari dira Euskaraldia ekimena antolatzen, eta tartean, gure eskualdeko bailara eta herrietan ere, urratsak egiten ari dira. Arantzan, Euskara Batzordea gaia lantzeko bildu zen apirilaren 9an. Euskaraldirako lantaldea sortzeko eta jarduerak antolatzeko, ortzirale honetan, apirilak 20, bilera irekia eginen dute Herriko Etxean, 19:30ean. Herriko euskaltzale guztiak parte hartzera gonbidatuak dira.

Herritar euskaltzaleak aktibatuta, hizkuntza ohiturak aldatzea da Euskaraldiaren helburua eta horren baitan, 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra, hamaika egunez euskaraz aritzeko erronka egin dute. Egun horietan, hiztunek bi rol hartzen ahalko dituzte: Ahobizi eta Belarriprest. Ahobizi ulertzen duten guztiei euskaraz solasten dieten lagunak izanen dira (baita ezezagunei lehen hitza, guttienez, euskaraz egiten dietenak ere). Belarriprest, berriz, guttienez euskara ulertzen dutenak izanen dira, gainontzekoei euskaraz aritzeko gonbidapena luzatzen dietenak. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun