Euskaraldia antolatzeko bilera eginen dute Beran apirilaren 17an

Ttipi-Ttapa 2018ko api. 14a, 09:24

Asteartean 19:30ean eginen da lanerako bilera, Beralandetan 

Herritar euskaltzaleak aktibatuta hizkuntza ohiturak aldatzea da Euskaraldiaren helburua. Euskal Herriko hainbat euskaltzale elkartek urteetan zehar landu duten Euskarak 365 egun lan ildoaren baitan kokatzen da eta bi mugarri izanen ditu. Batetik, euskal hiztunen hizkuntza ohituretan eragitea eta beren harreman sareetan euskara gehiago erabiltzea izanen da 2018ko azaroa eta abendua bitartean eginen den “Euskaraldia 11 egun euskaraz” ekimenaren helburua.

 

Bertzetik, hizkuntzaren normalizazioaren ardura pertsonen eta entitateen artean partekatua denez, 2019an, mota guzietako entitateek euskararen erabilera babesteko eta bultzatzeko neurriak hartzea izanen da helburua.

Euskaraldia Beran antolatzeko talde bat hasia da lanean, joan den martxoaren 23an Bortzirietako herritarrekin Toki Ona institutuan egindako bileran osatu baitzen batzordea. Lanak antolatzeko tenorea da orain, eta taldea zabaltzeko beharra azpimarratu dute. Horretarako, lehenbiziko bileran parte hartzera deitu dituzte Berako euskaltzale guztiak. Hitzordua heldu den apirilaren 17an izanen da, asteartearekin, 19:30ean, Beralandetan.

 

Euskal hiztunen aktibazioa helburu: ‘11 egun euskaraz’

Aktibazioak martxan paratzea erran nahi du. Hizkuntzaren erabilerari lotutako kontzeptua da, euskaraz solas egiten dakitenek edota euskara ulertzeko gaitasuna dutenek euskara erabil dezaten lortu nahi dugulako.

Hamaika egun horietan, 16 urtetik goitiko herritarrak Ahobizi eta Belarriprest bihurtu nahi ditugu. Ahobizi ulertzen duten guztiei euskaraz hitz egiten dieten lagunak dira (baita ezezagunei lehen hitza, gutienez, euskaraz egiten dietenak ere). Belarriprest, berriz, gutienez euskara ulertzen duten kideak dira, gainontzekoei euskaraz aritzeko gonbidapena luzatzen dietenak.

Ekimena Euskal Herri osoan eginen da, baina, tokian tokiko euskaltzaleak izanen dira herri bakoitzeko dinamiken sustatzaileak, eta tokiko inguru soziolinguistikora zein errealitatera moldatzeko modukoa izanen da.

 

Euskalgintza eta erakunde publikoak elkarrekin

Euskararen inguruan Euskal Herri osoan ematen hasi den elkarlanerako dinamika herriz herri zabalduko du Euskaraldiak. Izan ere, sustatzaileen artean daude euskalgintzako eragile nagusiak, hala nola, Euskaltzaileen Topagunea, IKA euskaltegiak, Berria, AEK, Elhuyar, Ikastolen Elkartea, Kontseilua, Sortzen, Tokikom edota UEMA; eta baita erakunde publiko nagusiak, tartean, Nafarroako Gobernua - Euskarabidea, Eusko Jaurlaritza edota Ipar Euskal Herriko Euskararen Erakunde Publikoa bera, bertze anitzen artean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun