Elizatea guziz eraberritu nahi du Igantziko Udalbatzak

Ttipi-Ttapa 2018ko mar. 31a, 10:30

Igantziko Biltoki elkartearen egoitza Elizatera eramatea proposatu du Udala. Argazkia: Oskar Txoperena

Eskolan sortutako handitze beharra eta La Villa jatetxe eta ostatuaren egokitzapena aldi berean konpondu nahi ditu 

Azken urte hauetan eskolan sortutako handitze beharra, alde batetik, eta La Villa jatetxe eta ostatuaren nahitanahiezko egokitzapena, bertzetik, izan dira Igantziko Udala Elizatea guziz eraberritzeko pausuak ematera eraman dutenak. Bi arazoak, bakoitza bere aldetik moldatzen saiatuak ziren lehendik, baina azkenean hagitzez egokiagoa iduritu zaie aipatutako bidea jorratzea.  

 

Ostatu eta jatetxea bere horretan moldatzeko aurrekontua garesti samarra iduritzeaz gain, benetako arazoa berriz ere erabat moldatu gabe geldituko liratekeela pentsatu dute. Azkenean, etxea barrendik hustutzearen aldeko erabakia hartu eta arazoak behin-betiko moldatzera bideratu dituzte indarrak. 

 

Biltoki elkartearen egoitza Elizatera eramateko proposamena

Bide batez, eskolari leku arazoa moldatzeko eranskin gehiago paratu gabe, proposamena luzatu diote Biltoki elkarteari: euren egoitza Elizateara eramatea, berritze-lanak egin ondotik bertan izanen den lekua aprobetxatuz. Udalaren proposamenari erantzun bat emateko lehen hausnarketak egiten ari da orain elkartea. Pentsatzekoa da azken erantzuna bazkide guzien artean egindako batzar batetik aterako dela. Biltokik orain dituen aretoak eskolak hartuko lituzke modu horretara, bere erabilerarako egokitzeko.

Oraindik gaia hasierako fasean dagoenez, ez dago xehetasun gehiagorik aipatzerik, baina Udalbatzaren asmoa irmoa da, Herriko Etxea dagoen egoeran, guziz bideragarria iduritzen zaie proiektua.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun