Izena emandakoen artean Oier Ariznabarreta (azken 5 edizioetako irabazlea), Beñat Katarain eta Jon Ugalde (pasa den urtean berekin podiumean egondakoak), eta iruneko Carlos García (laugarren 2017an eta beteranorik hoberena) korrikalariak daude.
Emakumeen artean Laura Sola (hiru aldiz irabazle Beran), Oihana Azkorbebeitia eta Alizia Olazabal (biak lasterketa honen irabazle izandakoak) ibiliko dira lasterka. Aldi beran, futbol jokalari izandako Joseba Llorente eta Iñaki Berruet, eta Patxi Vila txirrindulari ohiak ere inskribatu dira.
Gazteentzako lasterketa
Manttalek aurten, duela urte batzuk arte14 eta 17 urte artekoentzako antolatzen zuen lasterketa berreskuratu du aurten. Proba hau maratoi erdiaren aldi berean hasiko da, baina lehenengo 2 kilometroak neutralizatuak izanen ditu. Denera 6 kilometro luze izanen da eta helmuga Ibardingo tarteko helmugan egonen da. Izen-ematea lasterketaren egun berean egin ahalko da.
Probaren errekorra hobetzeagatik ematen den saria emakumeentzat ere
Lasterketako errekorra hobetzeagatik 2018. urteko edizio honetatik aitzinera, aldaketa egonen da diru sarietan.
Lasterketako errekorra hobetzeagatik aurten bi sari emanen dira: bat 150 eurokoa gizonezkoen kategorian, Oier Ariznabarretaren 2014. urteko denbora hobetzeagatik eta bertze bat 150 eurokoa emakumezkoetan denborarik onena hobetzeagatik. Orain arte, emakumezkotan garaikurra ematen zitzaion soilik denborarik onena hobetzeagatik eta hemendik aitzuinera diru saria emanen zaio.
Orain arteko 14 ediziotan, Laura Sola izan da denborarik azkarrena lortu duen emakumea, hain zuzen ere 2010ean lortutako 2 ordu eta 10 segundoekin. Gainera, Ustarrozeko lasterkariak aurten 150 euroko diru saria eskuratuko du, orain arteko denborarik onena lortzeagatik.