Agerra auzoko ur-hornidura eta saneamendu sarearen proiekturako diruzaintzako gerakinetik 78.415,02 euro bideratuko ditu Udalak, 35.000 euro libreki erabaki beharrekoaz eta Toki Inbertsioen Planari dagokion diru-ekarpenaz gain. Ur-hornidura sarea berritu eta euritako urak eta ur-zikinak bereiziko dituen lan hauen inbertsio osoa 457.440,60 eurokoa izanen da. Nafarroako Gobernuak 264.635,06 euro jarriko ditu eta Udalak 192.805,54 euro.
Musika Eskolako irisgarritasuna hobetzeko hesi arkitektonikoa kentzeko inbertsioa finantzatzeko 21.634,28 euroko diru-ekarpena onartu du Udalak. Musika Eskolan igogailua jartzeko inbertsio osoa 51.328,40 eurokoa da, beraz, 29.694,12 euro Gobernuak jarriko ditu.
Eztegara pilotalekua araudira egokitzeko lanen hirugarren fasea finantzatzeko 84.384 euroko diru-ekarpena onartu du Udalak. Inbertsio osoa 200.296 eurokoa da. Nafarroako Gobernuak gainerako 115.822 euro jarriko ditu. Orain arte egin diren lanak osatzeko, Eztegara pilotalekuan larrialdietarako elementuak, komunak eta ostatua berrituko dute hirugarren fase honetan.
Mukixu Haur Eskolako zerbitzuaren kontratua urtebete luzatuko da
Mukixu haur eskola kudeatzeko zerbitzuaren kontratua urtebetez luzatzea ere onartu du Udalak. Egindako azken luzapena 2018ko abuztuaren 31 arte da, eta Udalaren asmoa Mukixu Jangarriak SL enpresarekin duen ontratuarekin segitzea denez, urtebeteko luzapena onartu du.