Iazko akta irakurri eta onartu ondotik, iazko kontuak eta ekitaldiak eta 2018rako prestatuak dituzten ekitaldiak eta aurrekontua aztertu zituzten. Aurtengo aurrekontua 158.490 eurokoa izanen da eta ekitaldiei dagokienez, urteroko arruntak dira gehienak. Halere, aipatzekoa da aurten Lesakako Mendi Itzuliaren hamalaugarren edizioa antolatulo duela.
Horretaz gain, lehenago egiten zen krosa berriz ere antolatzeko asmoa dute aurten. Auzolan taldeak Gardelkopagoetako eta Elutxako iturriak konpondu eta Olazarko errekan bi zubi egin gogo ditu bertze lanen artean eta Olentzeroren inguruan herria girotu eta lehiaketa berrantolatzeko bidea ere egin nahi dute.
1.227 bazkide, inoiz baino gehiago
Bazkideen kuotei dagokienez, aurten bere horretan mantenduko dira eta zuzendaritza batzordean ere ez da aldaketarik eta Jose Luis Sunsundegik segituko du presidente lanean. Aipatzekoa da historian izan duen bazkide kopururik handiena duela Beti Gaztek gaur egun, 1.227 bazkide, iaz baino 36 gehiago: 7 urtetik beheitikoak 23; infantilak (8-13 urte), 106; jubenilak (14-17 urte), 77; helduak 851 eta 65 urtetik goitikoak 171.
Kirol arloan, futbolak mugitzen du kirolari gehien, 196 jokalari eta 23 tekniko baitaude hameka taldetan banatuak; mendian ere 185 federatu ditu Beti Gaztek, sokatiran 26 fitxa gizon eta emakumeen artean, 26 txirrindulari federatu eta bertze 9 master mailakoak Transbidasoa-Euromaster-Iñurrieta taldean eta triatloi taldea (4 kirolari).