Gazte Martxa eginen dute Lesakatik Oiartzunera martxoaren 29an abiatuta

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2018ko mar. 28a, 12:14

Martxoaren 30etik apirilaren 1era Oiartzunen eginen duten Gazte Akelarrean parte hartzeko 

Martxoaren 30etik apirilaren 1era Gazte Akelarrea ospatuko dute Oiartzunen, Sorginkerian dugu independentzia! lelopean. Aitzinak eta Ernaik antolatuta, Euskal Herriko gazteak elkartu etaindependentziaren alde besta eta aldarrikapena uztartzeko egunak izanen dira horiek, etaBortziritako gazteek ere asteburu horretan parte hartzeko deia egin nahi diete eskualdeko gazteei.

Baina bi eguneko topagunearekin aski ez, eta eskualdeko gazteek aitzineko egunetik martxan jartzeko erabakia hartu dute. Horretarako, eskualdeko mendi martxa eginen dute martxoaren 29an, Lesakatik goizean abiatu eta gauean Oiartzunera bidean dagoen Arritxulo aterpetxean lo eginez, hurrengo egunean Oiartzunera ailegatzeko.

Ortzegunean 10:30ean abiatuko dira Lesakako plazatik, eta bidean dagoen Gaztinborda txabolan eginen dute bazkaria. Arratsaldean Arritxulora bidean jarriko dira eta han gaua pasatu eta gaubela ederra eginen dute, hurrengo egunean Oiartzunera indartsu joateko.

 

Eskualdeko gazteak harremantzen

Lesakako gazteak ez ezik, eskualdeko sorginak ere animatu nahi dituzte martxara, zonaldeko gazteen artean harremanak sakondu eta independentzia, sozialismoa eta feminismoaren alde loturak indartzeko. Lesakako Arranon paratu duten zerrendan eman daiteke izena.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun