Arantxa Iturbek eta Agurtzane Intxaurragak idatzitako antzezlana da ‘Koadernoa zuri’. Agurtzane Intxaurraga beraren zuzendaritzapean, Itziar Ituño, Miren Gojenola eta Agurtzane Intxaurraga aktoreek taularatuko dute.
Sinopsia:
Begoña eta Arrate ahizpak dira. Hogei urteren ondoren jaiotetxean egingo dute topo, ustekabean. Arrate beheko bizilagunak deituta itzuli da, denboraldi bat baitarama hoska, soinu arraroak entzuten dituela esanez. Ama hil berria da eta hutsik behar luke etxeak. Baina Arratek Begoña aurkitzen du bertan. Ezustean. Afrikan bizi izan da urte askoz Begoña. Amarengandik ihesi joan zen. Ekaitz-egun beldurgarri batez, aborto baten ondorioz, bizia hankartetik zihoakiola konturatu zenean. Laguntza eskatu zion amari. Honek, ordea, lagundu aurretik mehatxu egin zion. Gertatutakoa bien artean geratuko zela hitz emanarazi egin zion. Egun batzuk geroago Begoñak ihes egingo du zulo ilun hartatik, giro itogarri horretatik. Urrutira. Afrikara.