Arantzako III. Trikitixa Jaialdia eginen dute martxoaren 10ean

Ttipi-Ttapa 2018ko mar. 6a, 07:45

Azpeitiko Sahatsa dantza taldekoak ariko dira aurten ere Arantzako Trikitixa jaialdian.

Inguruko hainbat trikitixa talderekin batera Azpeitiko Sahatsa Dantza Taldekoak ariko dira 

Gain-gainean dugu Arantzako III. Trikitixa Jaialdia. Udaleko Kultura Batzordearen ekimenez, martxoaren 10ean Arantzako nahiz inguruko trikitixa eskoletako dozenaka musikari bilduko dira frontoian, larunbat arratsaldeko 4:30etik aitzinera. 

 

Hauek izanen dira partaideak: Doneztebeko Agorreta musika eskola, Arantzako trikitilariak, Etxalarko trikitilariak eta Elizagoien ahizpak, Berako Irats Trikitixa eskola eta Isidoro Fagoaga Udal Musika Eskola, Lesakako Trikitixa Eskola eta Udal Musika Eskola eta Aurtizko Mendaur Trikitixa eta Panderojoleen Eskola.

Azpeitiko Sahatsa Dantza Taldeko dantzarien saioak ere izanen dira jaialdian. Emanaldia akaututa, partaide guztientzat oroigarriak eta berendua eskainiko dituzte eta hondarreko bi urteetan bezala, omenaldirik ere ez da faltako.

Bertzalde, publikoaren artean, opariak zozketatuko dituzte: Martikoko loteak, Arantza Hotelean spa saioa, Amaia ileapaindegiko balea, Irrisarri Landeko Baxi abenturako sarrerak, Onddo ta Puntoko kamisetak eta Martzutzak jantzidendako eta San Miguel tailerreko opariak.

Emanaldia 16:30ean hasiko da. Sarrera bortz eurotan izanen da eta 12 urtez beheitikoek ez dute ordaindu beharko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun