Bai Baigorrin, baita Beran ere, martxa ailegatzen denerako ekitaldiak antolatu dituzte. Baigorrin Altsasuko auzipetuen alde Sustengu Gaualdia izanen dute, Bixentainean. 19:30ean familiekin mintzatzeko bilduko dira, eta ondotik, Susengu Afaria eta Tafallako Zartako-K skapunk taldearen kontzertuarekin borobilduko dute ilunabarra. Era berean, martxoaren 3an hasitako erakusketari bukaera emanen diote.
Beran, berriz, kiroldegi parean elkartuko dira. 19:30ean postalak idatziko dituzte eta 20:00etan manifestaldian bilduko dira. Eguna bukatzeko, 22:00etan Andoaingo Inoren ero ni rock taldeak eta DJ Tororok, hurrenez hurren, Kataku ostatua musikaz girotuko dute.
Elkartasun mozioa onartu du Berako Udalak
Apirilaren 16an Audientzia Nazionalean epaituko dituzten Altsasuko zortzi gazteei eskatzen zaien zigorraren neurrigabetasuna salatu du udalbatzak, aldeko 7 boturekin (EH Bilduko 5 eta Herrirako 2), aurkarko bat (UPN) eta abstentzio batekin (Herrirako).
Apirilaren 14an Iruñean eginen den manifestazio deialdira atxikitu eta herritarrei parte hartzeko deia egin die Udalak.