Sanferminetako kartel eta programaren azal lehiaketak deitu ditu Lesakako Udalak

Ttipi-Ttapa 2018ko mar. 5a, 06:57
Sanferminetako kartela eta programaren azala prestatzeko lehiaketa deialdia egin du Dalak.

Lanak martxoaren 23ra bitarte aurkez daitezke eta herri bozketaren bidez aukeratuko dira irabazleak

Lesakako Udalak, 2018ko Sanferminetako programaren azala eta bestak iragarriko dituen kartela aukeratzeko lehiaketa deitu du, Lesakan jaio edota bertan bizi direnentzat. Lanak udal bulegoetan aurkezteko epea martxoaren 23ko 13:00etan bukatuko da, lehiaketa hauetan ohikoa den sistema erabiliz. 

 

Azalen neurria A4 (210x297 mmkoa) izanen da osotara eta kartelena A2 (420x594 mmkoa). Derrigorrez, ‘Lesaka 2018ko Sanferminak’ agertu beharko dute.

Kartel nahiz azal lehiaketen irabazleek 250 euroko saria eramanen dute. Kartela argitaratu eginen da eta azaleko lehen saria programaren aitzineko azalean joanen da.

Bertze aldetik, gibeleko azala aukeratzeko, Lesakako ikastetxetan ikasten ari diren 6 urtetik 12 urtera bitarteko haurrei zuzendutako portada lehiaketa ere deitu du Udalak. 210x297 mmko neurria izan beharko dute lanek osotara eta hemen ere Lesaka 2018ko Sanferminak jarri beharko du nahitaez. Hauen lanak ere martxoaren 23rako aurkeztu beharko dira udal bulegoetan. Irabazlearendako saria, Lesakako dendetan eskolako materiala erosteko 100 euroko balioa duen bonoa izanen da, eta irudia programaren gibeleko azalean argitaratua ikustea, noski.

Aurkezten diren lan guztiekin erakusketa bat osatuko da Kultura eta Turismo Bulegoan (Beheko Plaza, 5) martxoaren 28tik apirilaren 8ra (biak barne). Azken urteetako ohiturari eutsiz, herri bozketak erabakiko du lehiaketa. Horretarako, erakusketak irauten duen bitartean, bertan, bozka emateko aukera izanen dute Lesakan jaiotakoek edo bertan erroldatuak direnek. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun