Urrezko Aizkolarien eta harri-jasotzaileen finalak martxoaren 4an jokatuko dituzte Azpeitian

Ttipi-Ttapa 2018ko mar. 2a, 05:55
Urrezko Aizkolari txapelketako saioetako bat, Arantzan.

Igande eguerdiko 12:00etan hasita, gizonezko aizkolariak binaka, emakumeak banaka eta harri-jasotzaileak lehiatuko dira txapelaren bila 

Herri kirolek hitzordu garrantzitsua izanen dute igande honetan Azpeitiako Izarraitz pilotalekuan. 12:00etan hasita, hiru final jokatuko dituzte: Urrezko Aizkolarien gizonezkoen binakakoa, Urrezko Aizkolarien emakumezkoen banakakoa eta harri-jasotzaileen txapelketarena.

 

Hiru bikote lehiatuko dira Urrezko Aizkolarien binakako txapelaren bila: Dimako Aitzol Atutxa Atuxa II.ak eta Azkoitiko Julen Alberdi Txikia IV.ak osatutakoa, Otsagiko Iker Vicentek eta Leitzako Ruben Saralegi lehengusuek osatutakoa, eta Zizurkilgo Joseba Otaegik eta Mutikuko Olatz auzoko Ugaitz Mugertza Mugertza II.ak osatutakoa. Beraz, azken lau urtetan txapeldun izan diren Atutxa II.a eta Mugertza II.a finalean izanen dira, baina oraingoan bertze lagun batekin.

Emakumeen banakako lehiak, berriz, lau protagonista izango ditu: Elgorriagako Irune Izkue gaur egungo txapelduna, Iturengo Maika Ariztegi, Berako Nerea Sorondo (txapeldun orde iaz) eta Irati Astondoa bizkaitarra.

Urrezko Aizkorako txapelketekin batera egiten ari diren harri-jasotze txapelketak ere igandean izanen du finala, eta hiru harri-jasotzaile ariko dira txapelaren bila: Orioko Aimar Galarraga, Aiako Imanol Illarramendi Kortaberri eta Urrestillako Xabier Aranburu Guzta Urrestillakoa. 175 kiloko errektangularrarekin eta 150eko kubikoarekin eginen dituzte finaleko lanak harri-jasotzaileek.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun