Nafarroako Haur eta Gaztetxo Kantari Jaialdiko lehen saioa Beran eginen dute martxoaren 3an

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2018ko ots. 28a, 07:20

Joan den urtean Lesakan egin zuten jaialdiko saioetako bat.

Bera, Baztan, Sunbilla, Lesaka, Arano eta Malerrekako taldeak espero dituzte, bertzeak bertze larunbatean 18:00etan Kultur Etxean

Ate joka dugu Nafarroako Haur eta Gaztetxo Kantari Jaialdia. Martxoaren 3an hasiko da Beran (Kultur Etxean, 18:00etan), eta martxoan lau saio egin ondotik, jaialdi nagusia Barañainen eginen dute apirilaren 21ean.

 

Berako saioan eskualdeko haur eta gaz­te­txo­ak ariko dira kantari. Alde batetik, Baztan Ikastolako Lehen Hezkuntzako 19 neska-mutikok Denok zu kantatuko dute. Horiez gain, Sunbillatik bi talde joanen dira Berara: Lehen Hezkuntzako 2. mailatik 5. mailara bitarteko 16 kantarik Arra­roa Noski abestuko dute eta 5. eta 6. mailako bertze 14 kantarik Ge­rri Mugimendua izenekoa. Berako Jesusen Bihotza ikastetxekoek ere kantatuko dute, baita Mendaur Trikitixa eskolakoek ere. Bertzalde, Lesakako Tantirumairu Ikastolako Lehen Hezkuntzako 19 ikaslek Agure zaharra kantatuko dute eta Aranotik ere joanen dira Berara abes­tera.

Berako saioa Kultur Etxean eginen dute eta larunbatean 18:00etan hasiko da. Horren ondotik, martxoaren 10ean Antsoaingo antzokian izanen da bigarren saioa, martxoaren 17an Altsasuko Iortia Kulturgunean hirugarrena eta Oibarko Alvaro Aldunate entzutegian laugarrena. Herri guztietako partaideak bilduko dituen jaialdi nagusia, berriz, apirilaren 21ean eginen dute Barañaingo entzungelan. Saio guztiak 18:00etan hasiko dira.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun