Hain zuzen, borroka handia izan zuten lesakarrek Sokarrirekin bigarren postua eskuratzeko. Tiraldi bana irabazita, kitarakoan nagusitu zen Beti Gazte. Ibarra laugarren izan zen, Berriozar, bosgarren, Murueta seigarren eta Txantrea zazpigarren.
Gisa honetara, Beti Gaztek txapela jantzi du 640 eta 600 kiloko txapelketetan eta meritu handiko zilarrezko domina 560koan.
Karmelo Mitxelena, Jose Angel Mitxelena, Mikel Apeztegia, Unai Gurrutxaga, Beñardo Iantzi, Alejo Sarobe, Iñigo Alzugarai eta Eneko Saldiasek parte hartu zuten finalean, Gerardo Telletxea entrenatzaile eta Beñat Ordoki eta Ander Mitxelena laguntzaile zituztela.
Beti Gazteko neskak ere aritu ziren Laukizen, 500 kiloko txapelketako hirugarren eta hondar jardunaldian. Aitzineko bietan bezala, Badaiotz izan zen nagusi eta txapela jantzi zuen, Gaztedi, Ibarra, Berriozar, Txantrea eta Beti Gazteren aitzinetik.
Igandean jokatu zen txapelketa mistoan ez zuen talderik atera Beti Gaztek azkenean.