Ternuan bakailao arrantzan ibilitako herritarren berri izan dute Beran asteburuan

Ttipi-Ttapa 2018ko ots. 19a, 12:49

Larunbatean eta igandean ‘Arte al agua’ dokumentala ikusteko eta Rosa Arburuaren solasaldia eta arrantzaleen testigantza aditzeko aukera izan dute Kultur Etxean 

Berriki estreinatu den Arte al agua dokumentala ikusgai izan dute asteburuan Beran, larunbatean eta igandean Kultur Etxean egindako emanakdietan. Pasaian bizi den Olivier Van der Zee holandarraren dokumentala ikustearen aitzakian, dokumentaleko protagonistak bezala Beratik itsasora lanera joan ziren gizonei aitortza egin die Berako Udalak. Horietako batzuk izan ziren ekitaldian, Luis eta Marcelino Altzuguren Esteberena anaiak eta Felipe Matxikote, beraien testigantza eskaintzen.

Horietaz gain, bakailao arrantzan ibilitako herriko arrantzaleen artetik, Bixente Fagoaga eta Pablo Ansalas ere bizi dira oraindik.

Dokumentalaren aitzinetik Rosa Arburua Goienetxeren hitzaldia eskaini zuen Bortziritarrak Ternuan bakailao-arrantzan gaia hizpide hartuta. Rosa Arburuak 1940-1960 Bortzirietako Gaztiak liburua argitaratu zuen 2005ean. Bertan, 1940 eta 1960 urteen artean Bortzirietatik kanpo lan bila joan ziren gizon-emakumeen bizipenak biltzen ditu liburuan, tartean Ternuara bakailao-arrantzara joandakoena. Liburuaren zati horren inguruko solasaldia eskaini zuen EHUko irakasleak.

1941 eta 1960 urteen artean Bortzirietako 158 gizonek atera zuten kartilla Ternuara arrantzara joateko: 70 beratar, 55 lesakar, 17 etxalartar, 11 igantziar eta 5 aranaztar. Gerra ondoko Bortzirietako ekonomia ahulean, Ameriketara artzain lanetara, Iratira eta Frantziara mendi-mutil; kontrabandoa; neskato-lanak; apaiz eta moja; edota Ternuara bakailao-arrantzara joan behar izan zuten gazte anitzek, bizimodua aitzinera atera ahal izateko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun