Porturen eta Sarasolaren auzian tratu txarrak izan zirela ebatzi du Estrasburgok

Ttipi-Ttapa 2018ko ots. 13a, 12:53

Igor Portu lesakarra zauritua, ospitalean.

Europako Giza Eskubideen Auzitegiak frogatutzat jo ditu Igor Portu eta Mattin Sarasolaren aurkako «tratu txarrak». Asteartean, otsailak 13, jakinarazi du ebazpena, eta horren arabera, Espainiak Europako Konbentzioaren 3. artikulua urratu du. Hala, Espainiako Estatuak 50.000 euro ordaindu beharko dizkie lesakarrei kalte moralengatik; 30.000 euro Porturi eta 20.000 euro Sarasolari.

Bere garaian, Gipuzkoako Auzitegiak frogatutzat eman zuen Igor Portu eta Mattin Sarasola torturatu zituztela, baina Espainiako Auzitegi Gorenak ezezkoa ebatzi zuen. Orain, berriz, Europako Giza Eskubideen Auzitegiak aho batez ebatzi du Espainiak Europako Konbentzioaren 3. artikulua urratu zuela, atxilotutakoek tratu txarra jasan zutela adieraziz. Are gehiago, hiru epailek boto partikularra eman dute, gertatutakoa torturatzat jo daitezkeela iritzita, eta ez tratu txar gisa. Horrekin batera, torturak ez ikertu izana leporatu dio.

Hiru hilabete izanen ditu Espainiako Estatuak Estrasburgok ezarri dien zigorra ordaintzeko: 30.000 euro ordaindu beharko dizkio Porturi, eta 20.000 euro Sarasolari.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun