640 kiloko Euskadiko sokatira txapelketa irabazi dute Beti Gazteko mutilek

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2018ko ots. 13a, 07:59
Beti Gazteko mutilek 640 kiloko Euskadiko txapela janztea lortu dute.

Tiralde guztiak bereganatu zituzten larunbatean Idiazabalen jokatutako finalean

Lesakako Beti Gazte sokatira taldeak 640 kiloko Euskadiko txapelketaren finala irabazi zuen larunbatean Idiazabalen (Gipuzkoa). Sailkapeneko bi jardunaldietan bigarren izan ziren lesakarrak kategoria honetan, baina finaleko tiraldi guztiak irabazi ondotik lortu zuten txapela janztea.

 

Karmelo Mitxelena, Jose Angel Mitxelena, Mikel Apeztegia, Beñat Ordoki, Unai Gurrutxaga, Beñardo Iantzi, Alejo Sarobe, Iñigo Alzugarai eta Gerardo Telletxeak parte hartu zuten finaleko bortz tiraldietan, Eneko Saldias erakusle zutela. Ibarrak (Gipuzkoa) zilarrezko domina lortu zuen eta Ñapurrak taldeak (Ezpeleta, Lapurdi), brontzea.

Beti Gaztek datorren larunbatean Ibarran (Gipuzkoa) izanen du bertze txapel bat janzteko aukera, kasu honetan 600 kiloko kategorian,pisu honetan ere lortua baitu finalerako txartela, bigarren jardunaldian irabazle izanda gainera. Beti Gazteko neskak ere ariko dira Ibarran, 500 kiloko txapelketako bigarren jardunaldian

Otsailaren 24an Laukizen (Bizkaia) 560 kiloko gizonezkoen txapelketa jokatuko da jardunaldi bakarrean eta 500 kiloko emakumezkoen txapelketaren hirugarren eta hondar jardunaldia ere bertan jokatuko dute.

Euskadiko txapelketa bukatzeko, otsailaren 25ean txapelketa mistoa jokatuko dute Bilbon (Bizkaia) eta hor ere Beti Gazteko zortzikotea ariko da. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun